Joan den Maiatzaren 17az geroztik Polinesia Nazio Batuen Erakundeko (NBE) deskolonizatu beharreko hamazazpigarren lurralde erresuma bilakatu da.
Erraiterik ez da, Frantses estatua kexu gorrian jarri duela gisa hortako erabakiak. Gauza jakina haatik, ez litaikeela lehen aldia NBEk hartu gisa hortako erabakia segida konkreturik gabe geldi baledi.
Hurbilagotik so eginez zer dio erabaki halere garrantzitsu horrek: L56 deitu erresoluzio horrek Frantziari “gomendatzen” dio “autodeterminaziorako prozesu eraginkor bat bultzatzea eta laguntzea” Polinesia lurralde osoan. Erresoluzio berak aintzinkapitulu batean dio ere “baieztatzen duela Polinesia frantsesak, autodeterminaziorako eta independentziarako duen funtsezko eta ukaezinezko eskubidea”. Deus guttiago eta deus gehiago. Azpimarra daiteke Oscar Temaru independentista polinesiarrrak aspalditik bultzatu izan duela gisa hortako bidea, Pazifiko eskualdeko erresuma gehienak bere ildotik eramanez, “lobbying” lan efikaza eginez NBEko erabakigune guzietan.
Alabainan, Frantziak ez du parte hartu azken bozketa hortan, «bere» barne aferetan eskuhartze edo ingerentzia onartezina salatuz. Frantziaren ildo beretik ibili ziren ere Alemania, Herribeherak, Erresuma Batua eta Ipar Amerika. Lau erresuma hauek, diplomatikoki Frantziari hurbil izaiteaz gain, deskolonizatu beharreko hamasei lurralderen “jabe” ere badirelarik.
Erabaki edo erresoluzio horrek soilik oihartzun sinbolikoa du, epe laburrean behintzat. Printzipioz halere bidea idekitzen dio autodeterminazio kontsulta bati, independentzia, departamendu edo bien arteko estatutu aukerei hautua eman lezaiekeenari. Teoriaz beraz Polinesiak gisa hortako autodeterminaziorako urratsa bultza lezake, bainan pratikan ikus daiteke NBEk jada bozkaturiko gisa bereko aholkuak ez direla errespetatuak izan, aipatu beste hamasei lurraldeen kasuan.
NBEk Polinesiaz bozkaturikoa eta Pazifiko auzoan den Kanakian bultzatu zen prozesua konparagarriak ote dira? Zoritxarrez erantzuna ezezkoa da. Alabainan Kanakiaren kasuan, prozesu osoa negoziaketa integral eta politiko baten emaitza izan da, garai batean Rocard-en gobernuak eta Kanakiar indar politiko guzien artean adostua, akordio baten izenpetzea tarteko. Geroztik diplomazia frantsesak hurbiletik segitzen eta “laguntzen” du prozesua, NBE segituki jakinean emanez adostu urratsetaz. Ez da holakorik gertatu hurbiletik ere Polinesian.
Hala eta guziz ere, maiatzaren 17ko bozketaren ondotik NBEk bere bidea segituko du: Polinesiako egoeraz txosten segituak egin beharrean da, erakundearen komite iraunkorrean aurkeztuko direnak. Pentsa daiteke ere Frantziak ez duela segipen lan horietan parte hartuko eta bere “kolaborazioa”, a minima baino apalagoa izanen dela. Polinesia bezala transizio bide hortan dira gauregun adibidez Gibraltar, Anguita edo Falkland ugarteak.
NBEk bozkatu gisa bereko erresoluzioek sortu paradoxak ere aipagarriak bilaka daitezke. Alabainan Polinesiari buruzko erabakia publikoa egin baino hamabi egun lehenago iragaiten ziren bertan lurralde hauteskunde orokorrak eta Oscar Temaru independentista lurralde buruak sekulako zafraldia hartu zuen Gaston Flosse UMPtiarraren kontra, azken hau burujabetzaren kontrako amorratua izanki.
Azken adibide hunek zoritxarrez erakusten digu Polinesiar mirailaren binperra edo alde ilunagoa. Nola posible daiteke azken hamarkadetan frantses errepublikan gehien auziperatu eta kondenatua izan den Flosse senataria polinesiar herritarrek berriz hauta dutela lurraldearen kudeatzeko? Nolaz polinesiar nortasunaren eta kulturaren defendatzaile sutsua den Temaru independentistak sekulako boz galtzea izan duen?
Polinesian ere, munduko beste hainbat guneetan bezala funtsean, ekonomia arrazoez dagoelako kezkatua herritar xumea, iduriz bere geroaz autodeterminatzeko ametsaz edota nahikariaz baino.
Krisi ekonomikoarengatik Polinesian langabeziak herritarren %30 jotzen du, turismoa gainbehera doa, ondorioz hotel eta komertzio ezberdinak hesten ari direlarik. Hori guzia ere, bainan ez soilik, izan da Oscar Temaruren bilana, gisa hortan, egoera hortan zaila delarik burujabetzarako bidean konzientizazio urratsak lehenestea edota hauteskunde kanpaina baten ardatz nagusitzat aurkeztea.
Agian baditaike eta badugu ikasteko Polinesiar egoeraz ere, gurean hemen Euskal Herrian aintzinean ditugun erronka eta desafioeri egokitzeko.
Bakotxari berea: Nazio Batuen Erakundeko erresoluzio bideak, momentukotz behintzat, bazter utziz, sudurraren aintzinean dugu ekainaren leheneko erresoluzioa, bozketarik gabe irabazi beharrekoa.