Urte guziz bezala lertsunen solaseri so egon naiz eta hara aurten entzun dudana:
« – Zoin aspergarria zen iragan dugun eremua : pino, hondartza, herrixka, pino, pino, pino… Beti gauza bera zunan!
Eta bai, Landesen gainean gintunan. Jaz gauza bera erran huen!
– Iep !!! Azken haiek, ernatzen zirezte, zuengatik abiadura emekitzen ari da! Kalaka utzirik erna zaitezte!
Ups !! Ixil hadi eta hegal egin zan!
A, ikusten dun, orai Euskal kostaldean gitun, ageri dun ez?
Bai, Miarritzeko Ama Birjina beti hor ikusten dinat. Erran bainan, zer dira auto lerro izigarri hoiek? Bordale inguruan horrelakoen ikusten usatuak gintunan, bainan hemen!
Gaizo neska, badin orai zonbait urte hemen ere berdin dela. Goiz eta arrats guziz gauza bera dun. Entzun dutanaren arabera, orai kostaldean bizileku baten atzemaitea hain dun problematikoa nun gazteek barnekaldean bizitzea hautatzen duten. Eta gero, lanera jiteko tenorean, hara zer gertatzen den!
Bo, hautetsiek ez baitute zerbait egiten ahal horren aldatzeko?
Zerbait egitekoa omen dine. Heldu den urtean ikusiko…
Bon, hobe segurki. Erran bainan kostaldea eta barnekaldearen arteko eremua arrunt ttipitzen ari dun!
Eta bai, eta laster desagertzekotan dela dione… To, soizan, eta gehiago dena, entzun zan. Hemen ikastola baten gainean gitun. Badakin Euskararen erakasteko sortu ziren eskola haiek?
Badakinat ba, amatxik kondatu zatanan. Bainan haur ainitz frantsesez mintzo ditun!!Deabrua sar balakio! Euskararen mintzatzeko gune gisa sortuak zitunan ez?
Bai, hala dun. Bainan azken denbora hauetan izigarriko zailtasunak ba omen ditine helburu horren lortzeko!
Gero ez nun harritzen he!
Zergatik dion hori?
Lehen euskara entzuten zen gune askotan, orai frantsesa entzuten dun! Kanpaňan ere! Euskara dakitenak ez badira gehiago euskaraz ari, nola nahi dun haurrek ikas dezaten!
Bego hortan!! To, beha zan hemen, orroit hiza, laborari zahar bat ikusten gininan, til,til, til bere behien ondotik. Orai beha zakon gazte xarmant horri!
Hik erran… zerri beltzak ageri ditun larrean eta zer mindegi pollitak.
Jakin dinat jabeak, bikote gazte bati pasatu ziola baserria eta hauek zerrikia egiten dutela eta saltzen. Barazkiekin berdin egiten omen dine. Amap-ean saltzen dine beren ekoizpena.
Amap-a. Zer da hori?
Ekoizleak zuzenean saltzen dakon erosleari, ez dun gehiago arrartekolaririk, konprenitzen dun?
E, han gibelean, ernatu behar dela !!Laster geziaren burua hartu beharko dun Maixan, hago erne !!
Bo, ez dun gehiago mintzatzeko eta obserbatzeko molderik bizi huntan!!
Zer nahi dun, hola deliberatua gininan, aldizkatu behar ginuela !! Habil, egin zan behar dunana, gero segituko diun, izanen dun oraino erraiteko!
Ba, bainan ni berriz jin orduko, Hego aldean izanen gitun!
Hago trankil, ukanen diun han ere zer ikus eta zer erran! Gero arte!
Gero arte !
Maixan !!
Baietz !!!»