Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Irail honetan hogei urte beteko dira Lizarrako Akordioa sinatu zenetik, gerora Lizarra-Garaziko akordio gisa ezagun egin zena.
Akordioko testutik harago, orduko testuingurua, giroa eta helburu orokorrak azpimarratu behar lirateke. Tentsio handiko urteak izan ziren aitzinekoak: ETA hasia zen zinegotziak hiltzen, urte bat lehenago Miguel-Angel Blancoren bahiketak eta hilketak bazterrak inarrosi zituen, Espainiako Gobernuak Herri Batasuneko mahai nazionaleko kide guztiak preso sartu zituen, eta 1998ko uda hartan Egin egunkaria eta irratia itxi zituzten. Zerua beltz zegoen Euskal Herriaren gainean, eta argi izpirik ez zen ageri. Irlandan Ostiral Santuko bake akordioa izenpetu berri zuten IRAk eta Erresuma Batuko gobernuak. Irlandako akordioa aztertzen hasi ondoan, 1998ko irailean Lizarrako Akordioa izenpetu zuten alderdi eta sindikatu abertzaleek eta beste hainbat erakundek. Bost egunen buruan heldu zen ETAren sueten mugagabea. PP eta PSE-EE sutan jarri ziren, eta azken honek akordio guztiak moztu zituen EAJrekin. EAJk akordio politikoak egin zituen Euskal Herritarrok-ekin, udaletan eta legebiltzarrean. Giro hark itxaropena piztu zuen euskaldunen artean. Ez, hain segur, Espainiarekin eta Frantziarekin negoziazio serioak hasiko zirelako itxaropenik, eta are gutxiago balizko negoziazio haietatik akordiorik sortuko zelakorik. Itxaropena, aldiz, behingoagatik abertzale guztiak elkarrekin jarri zirela, eta konfrontazioa “biolentoen” eta “demokraten” artekoa izateko ordez, espainolisten eta abertzaleen artekoa zelako. Gainera, atentaturik gabe, eta atxiloketa gutxiagorekin. Itxaropena, bereziki, Euskal Herri osoko abertzaleak elkarrekin ari zirelako lanean, “nazio eraikuntza” egiteko helburuarekin. Hain zuzen, lurraldetasuna funtsezko ardatza zen, eta natural ikusi zen akordioa Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean izenpetzea. Nehor ez zen hasi erraten gatazkak “Euskadin” (sic) zuela eragin handiena eta halako akordio bat Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan izenpetu behar zela. Garai hartan, oraino begi txarrez ikusten zen Nafarroa Garaiaren eta EAEren arteko zatiketa administratiboa, Espainiak inposatua; eta ahal bezainbat zubi-lan egin nahi izaten zen Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean.
Euskal Autonomia Erkidegoa 1979 bukaeran sortu zen. Urte bat lehenago izenpetu zen erkidego hari bidea eman zion Gernikako Estatutua. 1997an, ELA sindikatuak erran zuen Gernikako Estatutua agortua zela. Gero, LAB eta ELA elkartu ziren gauza bera salatzeko. Horrek berak bidea erraztu zuen gero Lizarran akordioa sinatu zutenen bilgunea sortzeko. Hogei urte ere ez zituen beteak, orduan, autonomia erkidego kritikatu hark. Eskumen anitz oraino eskuratu gabe zegoenerako, agortutzat jo zuten.
Urrun gaude nazio eraikuntzaren arotik,
urrun EAE arbuiagarri zen eta lurralde zatiketa onartezintzat jotzen zen garaitik.
Ipar Euskal Herrian berezko autonomiaren aldarrikapena ere gibelean gelditu zen,
herri elkargo erraldoiaren alde egitea erabaki zenean.
Geroztik, beste hogei urte iragan dira. Eta noizbehinka “agortua” dela erraten bada ere eta eskumen anitz transferitu gabe badaude ere, antolaketa administratibo hori indarturik dago, eta gero eta gehiago ari da hartzen Euskal Herriaren lurralde ofizialaren lekua (izen, ikur eta guzti). Orain estatus berri bat prestatzen ari dira, EAE bera sendotzea helburu duena.
Urrun gaude nazio eraikuntzaren arotik, urrun EAE arbuiagarri zen eta lurralde zatiketa onartezintzat jotzen zen garaitik.
Ipar Euskal Herrian berezko autonomiaren aldarrikapena ere gibelean gelditu zen, herri elkargo erraldoiaren alde egitea erabaki zenean.
Zertan izanen ginen, Lizarra-Garaziko prozesua gelditu ez balitz, eta nazio eraikuntzan urrats gehiago egiteko paradarekin segitu balitz, nahiz eta jakin bide hura ere trabaz eta gorabeheraz betea izanen zela?