Larrazkeneko giro batean sartzen ari girela eta, Ipar Euskal Herri honetan ere izanen da zer egin. Instituzio gaiaren inguruan, Iparraldearen ber-antolaketari buruz, uztailean prefetak egin zituen proposamen batzuk, lurralde erreforma dela eta. Honen berri ukan eta, gogoeta eta eztabaidak hasi ziren, udako giro honek geldiaraz zituenak, dudarik ez da sartze politikoa dela eta berriz bazterrak piztuko direla.
Batera plataformak Euskal Herriko Lurralde Kolektibitate baten galdea beti mahai gainean du, frantses Estatuak mespretxuz baizik ez du erantzun. Iparraldeko delegazio bat errezibitu baldin bazuen ere, ez du iñoiz afera hau behar zuen bezala kudeatu, sekulan ez da izan ministro baten bisita gai horretaz, hemengo agintari eta elkarte arduradunekin hitz-egiteko. Prefetak, Hautetsien Kontseilua eta herri-elkargoen itzulia egin du, lehen misionestak ibiltzen ziren bezala elizaz-eliza “berri onaren” zabaltzen. Ez ote da kontutan hartu behar, hainbeste urtez gai honen inguruan bildu diren pertsona eta mugimenduen iritzia ?
Uztail hastapenean ikusi dugu Marylise Lebranchu, deszentralizazio eta funtzio publikoko ministroa, Korsikako Asanbladan bizpahiru orenez hango kontseilariekin eztabaidatzen.
Zer, Parisetik ikusirik urrunago Euskal Herria? Norbaitek ez duelarik kasu-egiten norbaiti nola erraiten da? Ha mespretxagarria izaitea!!
Gero ikusirik azken egun hauetan Pariseko agintarien jarrera, bada etsitua izaitekoa sozialistengandik, hauteskunde kanpaina delarik ezkertiar mezu bat zabaltzen eta boterean direlarik nagusien politika eramaiten jende xumeak izorratuz… bai etsipen handia! Lehen ministro sozialista bat MEDEF-eko bilkura batean txalotua showbiz-eko izar bat bezala!
Alta alderdi sozialista sortu zelarik zion: kapitalismoa aldatu behar da jendarte kolektibista baten alde, ahalak emanez politikoki eta ekonomikoki proletarioen alde, ez da izanen erreforma egiten duen alderdi bat baina bai klase borroka eta iraultzarako alderdi bat.
Beste mende bat zen, gauzak aldatzen direla erraiten da, untsa litzateke oinarri batzuk ala ere atxikitzea!!