PSNk azken mementoan ez badu gibelera egiten, hauteskundeak eginen dituzte Nafarroan, heldu den maiatzaren 25ean. Yolanda Barcinaren gobernuak ezin du gehiago iraun ustelkeria kasu guzti horiek poztu eskandaluen aitzinean. Krisi honetako giltza PSNk dauka, gobernuaren osatzean izan zuen bezala.
Zergatik erabakiko luke PSNk, orain, zentsura mozioa aurkeztea? Eta zergatik ez zuen erabaki hori hartu lehenago? Begi bistakoa da UPNren gobernuaren inguruko eskandaluak lehenagotik ere bazirela eta plazaratu zirela; baina PSNk nahiago izan zuen gobernu hori babestu, zentsura mozioa aurkeztu eta Barcina presidente kargutik kendu baino.
Madrildik argi azaldua zuen PSOEk, Nafarroan ez zitekeela onartu PSNren eta Bilduren arteko akordiorik, Nafarroakoa Espainiaren arazo “nazionala” zela, eta horrek zeukala lehentasuna. Beraz, PSNk duela zazpi urte egin zuen bezala, duela hiru urte ere UPNren gobernua, eskuinekoa, hobetsi zuen, abertzaleekin batera gauzak aldatzeko aukerari uko eginez, eta urte horietan zehar berdin jarraitu du. Nahiz eta frogatu ustelkerian leporaino sartua den gobernua dela, PSNk hori babestu du legegintzaldiaren denbora gehienean.
Orain, beste eskandalu bat lehertu denean, PSNk bazekien ez zitzaiola komeni jokabide horrekin segitzea. Hain zuzen, azken aukera zuen zentsura mozio bat aurkezteko, martxo hondarrean bukatzen delako horretarako epea. Hori ez balu egin, hauteskundeak eginen ziren 2015ean, legegintzaldia osorik bukatu ondoan. Baina, orduan, PSN izanen zen Barcinaren gobernu hori babestu zuena, eta aukera izan zuenean desegin ez zuena. Politikoki faktura handiegia izanen zen PSNrentzat. Itxura triste hori kendu beharrez, ukabilkadaz jo du mahai gainean. Antzerkia da. Ikusiko da ea ukabilkada horri esker pentsatu baino bozka gutiago galduko duen ala ez. Baina ezin izanen du estali orain arteko ustelkeria kasuak bere babesean egin direla.
Zenbat boz galduko du UPNk? Zenbat PSNk? Eta nora joanen dira boz horiek? Hauteskundez hauteskunde gero eta indartsuago diren abertzaleek, Ezkerrarekin batera, aukera historikoa dute PSN, PP eta UPNk osatzen duten gehiengoa uzkaltzeko. UPNrekin haserre daudenek zer babesleku aurki dezakete PSNn? Eta PSNri konfiantza egin ziotenek? Udaberri interesgarria izanen da Nafarroan, lurrikarak suntsitu duen zelaietan lore berriak hazteko.