Urte hastapenean Lurzaindia izeneko egitura berria sortu dute ELB, EHLG, Arrapitz eta Interamapek. Indar haundiko tresna bilakarazi nahi dute laborantzako lurren saltze karioegiari buru egiteko eta laborantza herrikoian gazteak instalatzeko. Panpi Sainte-Marie, ELB-ko idazkari nagusiak, erakunde berriaren helburuak azaltzen dauzkigu.
Zergatik sortu behar zen Lurzaindia bezalako tresna bat ? Zertan gira lur sailean Iparralde huntan ? Azken hamar urte hauetan, laborantzako lur eremu baliagarriak (Surface agricole utile) 1.200 hektara galdu ditu ! 150 etxalde galdu dira eta 250 laborarik ofizioa utzi dute.
Alta geroaren ikuspegi guziek diote poulazioaren emendatzea haundia izanen dela ondoko urteetan. Jendetza horri beharko zaio jatera eman ta hortarako lurra zaindu beharra daukagu. Bistan dena hemen oraino laborantza bizia badugula, instalazio kopurua beste toki batzuetan baino hobea dugula, baina hala ere, ez da nahikoa gelditzen direnen ordaintzeko. Ez bada bakarra ere, urrundik ere, instalazioaren gaian lurraren lortzearen arazoa dugu pundu korapilatsuenetariko bat. Espekulazioak oraino gehiago zailtzen duelarik. Horiek hola zer egin ?
Tresna eraginkor baten beharra.
Aspaldi huntan hemen baginuean GFAM Lurra. Ahal zuena egin du tresna horrek, medio eskasekin egia erran. Haatik esperientzia haundia ekarri dauku borroka sail hortan eta gaurko egoera espekulatiboaren aintzinean erakutsi dauku ere beste zerbait, beste tresna eraginkorrago bat beharrezkoa ginuela. Estado frantsesean jadanik bada egitura bat lur sailean ari dena “Terre de liens”. ELB-k beraz, “Terre de Liens” egitura ezagutu ondoan erabaki du Euska Herrian egokitzea. Hola sortu du Lurzaindia-ren ideia.
Nola ibiliko da Lurzaindia? SCA bat izanen da juridikoki (Société en commandite par action). Dirua herritarrei bainan ere kolektibitateeri enpresei eta elkarteei eskatzen ahalko die, beraz aintzinean baino manera zabalago batean bainan beti kasu emanez betiko, oinarrizko helburuetaz ez baztertzeari ! Ibilmolde hori bereizketan finkatzen da: alde batetik akziodunak eta bestetik kudeatzaileak. Gisa hortan, diruaren pizuak ez du erabakietan eragiten ahalko. Kudeatzaileak ERNE sozietatean bilduko dira. Lan egiturak ordezkatuak izanen dira ERNE-n: ELB-ek, hiru ordezkari izanen ditu ERNE-n. EHLG-ek bi, Arrapitzek bi eta Interamapek ordezkari bat. Antolaketa hori gainetik begiratzeko, begistatzeko “Conseil de Surveillance et d’Ethique” bat izanen da.
Kate bat bezala.
GFAM Lurra-k ez bezala Lurzaindiak bastimenduak ere erosten ahalko ditu eta etxaldeak ere emaitzaz (en donation) ukaiten ahalko ditu. Berrikuntzetan, GFAM Lurra-ri konparatuz, Lurzaindia emeki emeki Euskal Herri osoan eragiteko xedearekin sortu da. Kate bat bezala antolatua da: ELB-k bere lur delegatuekin kasu espekulatiboak aurkituko ditu eta argitara emanen. Lurra edo etxalde bat erosten badu, ondotik EHLG eta Arrapitz hor izanen dira etxalde hori laborantza herrikoiaren bidean laguntzeko eta azkenik Interamap-ek lurraren arazoa sozializatzen lagunduko du bere sare sozialean baita ere kalitatezko laborariekin lotuko lurraren zaintzea. Lurzaindiaren lehen lehendakaritza eramanen duen Urruñako eta ELB-ko lur taldeko laborarisak dion bezala “Lurzaindia kate bat bezala pentsatua da, lurretik kontsumitzaileraino.”