Bizi eta Aldak Maiatzaren Leheneko manifestaldira deitzen dute « Kapitalismoa = Heriotza! / Alternatibak = Bizia! » lema pean! Hitzordua 10:30ean San-Izpiritu zubiaren puntan, tren geltoki aldean.
Bizi ! eta Alda elkarteek, Baionako maiatzaren leheneko manifestaldian saldo handian parte hartzeko dei komuna luzatzen dute
Denbora luzeagoan lan egiteak erran nahi du jendea oraino gehiago akitzea lan neketsuenetan, haien osasuna gehiago kaltetzea eta, nehork enplegatu edo kontratatu nahi ez dituen langile zaharrentzat, estres eta prekaritate gehiago sortzea.
Gehiago lan egiteak gehiago ekoiztea erran nahi du. Gehiago ekoizteak gure aztarna ekologikoa handitzea dakar, klima aldaketa larriagotzea, biodibertsitate krisia indartzea, lurreko baliabideen agortzea bizkortzea.
Erretreten sistema orekatzeko, beste aterabide bat bazen: gehiago partekatzea. Ezohiko irabazi erraldoiak zergapetzea, aberatsenak askoz gehiago zergapetzea, zerga erreforma solidario eta ekologiko orokorra plantan ematea, iruzur fiskalaren kontra borrokatzea.
Garaia da sistemaz aldatzeko, kapitalismoaren alternatibak sortzeko eta indartzeko, hemen eta orain!
Denak Baionako Maiatzaren Leheneko manifestaldira. Bizi! eta Alda elkarteek bertan parte hartuko dute ondoko lemarekin: « Kapitalismoa = Heriotza! / Alternatibak = Bizia ». Etor gurekin saldoan!
Hitzordua 10:30ean San-Izpiritu zubiaren puntan, tren geltoki aldean.