Giza eskubideen aldeko nazioarteko eguna ospatzear ginela zendu egin zauku Nelson Mandela. Bizitzaren edo historiaren ironia tristea dudarik gabe, bere herritar kide guziek Madiba deitzen zutenarentzat. Andde Sainte-Mariek Madibaren mezuaren indarra du aipagai bere kronikan.
Zuek ez dakit, bainan nik behintzat halako hotz ikara bat bezala sentitu dut berria jakitean. Hotz ikara eta pena. Egiazko pena barnakorra. Ezin esplikatuzkoa. Bainan segituan pentsatu dut bazuela bai lasaitzeko eta “pausatzeko” dretxoa, kasik bizi osoa Hego Afrikako bakearen eta justiziaren aldeeman duen borrokalari nekaezinak. Bazuela bai behin betiko ixilik egoiteko dretxoa Robben Island presondegiko 46664 matrikula harek, 27 urteko kartzelaldiak ixilaraztea lortu ez bazuen ere. Alta baginakien aspaldixko huntan hil zoriak zer nolako bururatzea izanen zuen. Halere, harritu egin nau Madibaren joaiteak zer nolako emozioa sortu duen nere ingurumen hurbilean. Euskal Herri barnekalde huntako herri ttipi batetako jende arras xumeetan ere. Emozioa, alta ez dituelarik usaian, itxuraz behintzat, arrazismoak, beltzen eskubideek edo oraindik guttiago sozialismo eta berdintasunezko baloreen aintzin emaiteak hunkitzen. Pentsa daiteke telebixtaren indarrak eta matrakatzeak izan dezakela eragin zerbait sentikortasun hortan, bainan ez zait iduritzen den dena esplika lezakenik.
Barkamenaren indarra
Emozio hori soilik Madibaren mezuaren indarraren araberakoa zen. Pentsa daiteke beraz indar hori Afrika puntatik Euskal Herri barnekalde zoko huntaraino heltzeko gai izan dela. Funtsean, kontinente guzietan Nelson Mandelak sinbolizatzen zituen askatasunezko eta justiziazko aspirazio unibertsal mugagabeak. Sinbolizatzen zuen bereziki ere barkamenak bere barnean dakarren indarra. Indar horren potentzialitate harrigarria. Hala ta guziz, Mandela ez zen jainko bat, ez eta saindu bat ere. Horrek du oraindik miresgarriago egiten. Bere autobiografian ere funtsean ez du besterik erraiten. Bere ibilbide luzean ez da beti bortizkeria ezaren aldeko izan. Tarte batez, hastapen batean, ez zuen borroka armatua baztertzen apartheidaren erregimena botatzeko. 27 urtez kartzelan, “etsaiaren” afrikaans hizkuntza ikasi zuen hitzez hitz,berak zion bezala “etsai” hori hobekio ulertzeko, baita hobekio eskua luzatzeko ere !
Eskua luzatzearen jestu edo erabaki politiko hori hastapenean bere borrokakide ainitzek ulergaitza izan bazuten ere, tematu zen bide hortan. Bazekien eta ulertua zuen nehork baino lehen, etsaiaz bide laguna egin behar zela demokrazia osorako bidean, herri oso bat odol putzu bilakatu aintzin. Ulertua zuen molde horrez soilik, zanpatzaileen eta zanpatuen haurrak egun batean, eskubide berdinen (edo berdintsuen) jabe izanen zirela. Presondegian iragan dituen azken hamar urteak soilik estrategia berri eta baketsu horren sakontzen eraman ditu, Hego Afrikako garai hartako buruzagi zuriak solastatuz, negoziaketa politikoak bultzatuz. Hamar urte luze horietan, hainbat kritika jasan ditu bere sustengu politiko hurbilenen gaindik ere. Estrategia berri hori “impasse” batean bukatuko zela beldur ziren eta. Oinarrizko helburu politikoeri uko egin gabe, fermuki estrategia ez bortitza eta barkamenaren hautua berretsi zituen, ezagutzen dugun emaitza bikainarekin.
Mandela irakaspen bat izan da
Apartheidaren erregimenak 27 urtez presondegiraturik, oraindik haundiago eta politikoki helduago, atera zen Mandela. Lehendakari gisa jakin izan du Hego Afrika berri, batu eta kolorez ezberdindu baten zimenduak lortzen eta finkatzen. Erran daiteke halere, gauregun asko dagoela egiteko, oinarrizko eskubide berdinen jabe izanikan ere, desoreka sozial larriak badirelako Pretoriatik Sowetoraino. Alabainan gizon batek, ezinago mail gorakoa izanikan ere, ahal ote du bakarrik bere ingurumen hurbileko erresuma oso bat aldatu bizi oso baten borrokaren bidez ? Zoin da aldaketarako duen egiazko ahalmena, sinbolizatzen duenaz haratago ?
Madibaren heriotza dela eta, plazaratu diren omenezko hitz eder, potolo, sentikor ala alegiazko guziak Mandelak utzi nahi izan digunaren heinekoak izan ote dira egiazki ? Seguraski galdera horien erantzunak soilik gutariko bakotxaren buru eta bihotzetan daude. Gizon soil batek ezin du mundua aldatu, agian soilik alda ditzake bere segitzaile eta mirestsi dutenen gogo bihotzak. Azken finean ez da gutti. Asko ere bada. Mundua hobea ote da Mandela izan delako ? Seguraski ez, bainan mundutar ainitz jakitun dira Madibaren obra guziaz, gisa bereko kemen, nahikari eta iraupenaren posibilitateak eta potentzialak bideratzen ahal duenaz…Hori ere ez da gutti, asko ere bada.
Madibak ez zuen bere burua profeta gisa ikusi nahi, alta ezaugarri guziak zituelarik. Aintzin ikusi zuen bere herriaren geroa, askapen mugimendu zabal baten aintzindari eta inspiratzaile izan da, estrategia iraultzaile bezain pazientziazko baten bitartez. Ez dakit xuxen zer den profeta bat, bainan jakin badakit Mandela irakaspen bat izan dela. Konparatu ezinezko bizi irakaspen bat. Nere ttipitasun eta xumetasunetik, ene gisan harro nago bere epokaren zati batean bizi izanaz. Ez, segur da, ezin du gizon soil batek mundua aldatu. Alta, bitxi bada ere, jadanik bere hutsunea nabari zait… Asimbonanga !