Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Maiatzeko Enbataren ale honekin hilabete bateko manifestaldi-ospakizun-aldarrikapen maratoi euskal-abertzaleari amaiera ematen diogu. Eta, batek baino gehiagok pentsatuko zuten uf! biziraun dugu! Apirilaren 1ean etxebizitzaren aldeko eskubidearekin hasita, Aberri egunarekin segituz, eusko Egunari helduta, euskararen aldeko manifestalditik pasata, eta ohiko Nafarroaren egunarekin amaituz, asteburuz asteburu milaka lagun elkartu dira ekimen ezberdinetan. Eta, horiei guztiei gehitu behar diegu, ahantzi gabe, erretreten erreformaren aurkako asteroko zeharkako manifestaldiak. Guzti horretaz bilana egiterakoan bi ildo hartu daitezke, bata bestearen aurka ez doazenak baitezpada.
Alde batetik, batek baino gehiagok pentsatu dute sobera zela, erokeria zela antolaketan parte hartu dutenetik at, uste izan baita lan txanden betetzea eta ekitaldi bakoitzean parte hartzeko bidea hartu duten pertsonak berdinak zirela eta horrekin, geroari begira erretzeko arriskua sortzen ahal zuela. Baina, bestalde, beste batzuek pentsa dezakete ere indartsu zegoen gizarte mailako aktualitate horretan ekitaldi bakoitzean milaka lagun elkartu izanak eta hamarnaka militante lortu izanak mugimendu abertzaleak urtetan lortutako indarraren isla irudika dezakeela. Hau da, urtetako lanaren poderioz mugimendu abertzale eta euskaltzaleak irekitzeko eta zabaltzeko izan duen gaitasunak, hein batean, egingarri egin du apirilean bizi izan dugun maratoi hori. Orain dela urte batzuk gutariko askok ezinezkotzat joko genuen horrelako zerbait, baina, egin da… eta lortu da.
Alde horretatik, interesgarria legoke zeharkako gogoeta egitea ekimen bakoitzean parte hartu duten ordezkariak mahai baten inguruan jarriz. Baina, hori egin aurretik hilabete batzuk itxaron beharko ditugu ziurrenik, zeren, maratoi horrekin erronka esanguratsuak mahaigaineratu ditu mugimendu abertzale eta euskaltzaleak. Eta, horiek guztiek ondoko hilabeteetan eta urteetan agenda politikoa markatuko dute.
Apirilaren 1eko etxebizitzaren eskubidearen aldeko manifestaldiarekin, bigarren etxebizitzen aurkako StopAski manifestu indartsu bat kaleratu da eta etxebizitza sozialen inguruan proposamen zehatzak plazaratu dira; Aberri Egunarekin biharko mugimendu abertzalea birfundatzeko eta berriz kokatzeko bidean lehen harria jarri da; Eusko Egunak orain dela hamar urte sortu zen Eusko tokiko monetari beste hamar urteko bidea segitzeko erronka berriak ireki dizkio; eta, euskararen aldeko manifestaldiarekin gure hizkuntzak behar beharrezkoa duen hizkuntz politika eraginkor baten aldarria berriz ere gogora ekarri da.
Maratoi euskal-abertzale-ezkertiarrak zabaldu ditu erroak, beraz. Orain horri fruituak atera beharko zaizkio eta, guztien memorian plazer bat izan dela irudikarazteko, zuku gozo bat atera.