Abertzale haurrideak, sakon eta zintzoki pentzatuz, iragana den bezala ikertzen badugu, ETAk eginiko hutsik handiena ez ote zaigu auziaren galtzea? Aljeriako FLN delakoaren etsenplura irabazi balu, Euskal Herriko parte nagusienaren independentzia lortuz, gutarik zenbatek Euskadi askatuari muzin eginen zion?
Kontua da bi etsai handiak indartsuegi ditugula, eta ber denboran euskaldun gehixenak gerlez aseak. Zinezko ETAzaleak ere denbora joan ahala nekatu dira eta gutitu. Azkenean sostenguaren beherapen horrek, armada eta polizia guziek baino seguruago, armen uztera behartu du.
Zentzuzko galdera bat halere : ez ote zukeena hobe goizago gelditzea, adibidez 1989ko udaberrian, Aljereko elkarrizketen kariara ? Geroztik beste bizpahiru negoziaketa egin dira, eta aldikal Espainiako gobernuaren eskaintzak gutituz joan, azkenean ezerezera jaisteraino. Gerotik gerora luzatzeak zer ekarri du, salbu bi aldeetarik biktima zerrenden emendatzea ?
Baina gerla horren iturrira joan gaitezen.
Zeinek egiazki hasi zuen ? Prediku ofizialen arabera, iduri luke ETA erakundea gaizkile talde baten kapritxotik sortu zela. Hori da bereziki espainiar eskuinak tai gabe saltzen duena, gehituz ETAren borrokak ez duela politikarekin ezer ikustekorik. Propaganda hutsa ! ETA sortu zen egoera jakin batean, Espainiako gerla deitzen dugun hura koronatu zuen diktadura denboran, frankismoak euskaldungoari egin zion bortxaketari erantzunez.
Haatik euskal gatazka ez zen hor hasia, historia luzeagoan kokatzen da. Baina XX. mendeko lehen herenean, EAJ alderdiak armarik gabeko borroka eraman zuen. Gero ETAren borroka ere luzaz odolik isuri gabe joan zen, bederatzi urtez sigla hori agertuz geroztik (1959), hamazazpi urtez EKIN sortu zenetik (1952) : lehenbiziko bi hilketak ustekabean gertatu ziren 1968ko ekainaren zazpian.
Bitarte horretan ETAk populu beldurtuari burua eraiki zion, gazteria piztu zuen, lanera bultzatu sail eta maila guzietan. Ondotik borroka zinez gogortu zen, zapalketa ere bai, berrogeita zenbait urtez hamar mila jende torturatuz eta mila bat hilez, presonerak eta ihesliarrak ere trumilka.
ETAk bi belaunaldiz eraman duen borroka bortitza bere gora-behera nagusiekin kontatzen digu Julen Madariagak Egiari zor liburu berrian. Irakurtzea dugu, gauzak barnetik ezagutzea dakarrelako, idazlea ETAko lehen aitzindaria izan baitzen, eta gero luzaz kidea.
ETAk bi belaunaldiz eraman duen borroka
bortitza kontatzen digu Iulen Madariagak
“Egiari zor” liburu berrian
Orain zer ? ETAk borroka armatuari uko egin dio. Armak egiaztatzaile neutro batzuen eskuetan utzi nahi lituzke, baina Espainiak eta Frantziak oztopatzen dituzte. Bi Estatuek zer bilatzen dute beraz, mendekua bururaino? Presonerez baliatzen dira bahiketa batean bezala. Umiliatu nahi dituzte, damutzera tolestu, “bekatorea naiz” aitortzera bortxatu. Baina legeak ez du holakorik aipu, eta legetik at ezin da nehor behartu.
Gisa berean Euskal ezker osoa buruaren makurtzera bulkatzen dute, bere iragan osoari uko egin dezan, bere borroka galdu duela erran dezan, borroka hori ez zela zilegia ere aitor dezan : munstrokeria sado-masokista hori ere legetik urrun dago naski !
Ezker abertzalea horretara plega baledi, beste zer gehiago inposa lekiokete ? Bazterrik gabeko kiribilo ezkorrean sartzea luke. Arrazoi doblez ETAri zer eskatuko diote ?
Hor erran dudanak ez du baztertzen autokritikaren beharra, baina zinezkoa libreki egiten dena da. Eta beste guziek ez dute berena egin behar ? Huts guziak alde batekoak izan ote dira ?
Bestalde historiako zati horren balantzea historiak berak eginen du, beti bezala denborarekin. Armekiko esparruan galdu bada, ez ote da politikako foroan irabazi, “toutes proportions gardées” Aljerian bezala, han ere abertzaleek ez baitzuten etsaiaren armada garaitu? Geroak erranen du.
Mementoan, bakearen finkatzeko, munduko bi gerlek ezagutu zituzten ondorio kontrajarriak hor daude. 1919an garaileek galtzailea peko errekan sartu zuten, eta harek hogei urte berantako errebantxa hartu zuen. 1945ean zutitzen lagundu zuten, eta ondorioz adiskidetu ziren. Hor dago hautua.