Ostirala honetan, ekainaren 2an, arratseko 19:00etan, Baionan, 20 Cordeliers Karrikan, « Zer nolako prozesu soberanista Euskal Herrian? » hitzaldian, Xabi Anza, MRA Fundazioaren Lehendakariak eta Jose Elorrietak, 1988tik 2008a arte ELA Sindikatuaren Idazkari izanak, ELA Sindikatuak Euskal Herrian prozesu soberanistari buruz duen ikusmoldearen ezagutzeko parada emanen digute. Heldu den ostiraleko hitzaldiaren aintzin jasta lagungarri bezain argigarri gisa burujabetzaren aldeko dinamika orokorrean ELAren jarrera zehazten duen Unai Oñederrak MRA Fundazioaren zuzendariak egin artikulu labur eta interesante bat jarraian uzten dizuegu.
Mendira joan burujabetza prozesua atzeratzeko? (Unai Oñederra)
Interesez irakurri dut Xabier Letonak Mario Zubiagari egin dion elkarrizketa Argian. Hiru ohartxo egin nahi nituzke:
- Zubiagak dio burujabetza sozialerako indar metaketa eta Gure Esku Dagoren (GED) egungo dinamika ez direla kontrajarriak. Esango nuke halaxe ikusten duela ELAk ere, azken Aberri eguneko agiria irakurtzea edo ELAko militanteek GEDen galdeketetan izaten ari diren parte hartze aktiboa ikustea.
- Dio Lizarra eliteen prozesua izan zela. GED ez dela eliteen prozesua, mugimenduan inplikatzen diren herritarrak joango direla norabidea zehazten. Ederki. Baina iruditzen zait garrantzitsua dela, ere, burujabetza prozesua, gehiago itxaron gabe, abian jarri nahi duten eragileek estrategia, epe eta eta helmuga, zein tarteko helmuga batzuk, adostea aurrera egin dezagun. Ez daitezen beste hamar urte pasa, autogobernu lan taldeetan, geldirik, zenbaitzuk ez dutelako prozesua abiatu nahi, oraingoz.
Ildo horretan ulertu behar da Elorrietaren, zein ELAren, proposamena. Adostu dezagun bide bat abiatzeko prest gaudenak, martxan jartzeko. - Horregatik harritu egin nau elkarrizketa amaierak: Zubiagak kezka azaltzen du ELA ez ote den mendira joango, bere autonomian eroso, neoliberalekin ezer ez adosteko aitzakiarekin, prozesua bost-hamar urte atzeratzeko. Hain justu, ELAk egiten duen proposamena kontrako zentzuan doanean. Hau da, prozesua abiatzeko, geldirik egon nahi dutenen zain egon gabe, jar gaitezen martxan, baina ez mendira joateko, burujabetza eskuratzeko baizik.