Eusko Jaurlaritzak salaketa zehatza egin berri du. Euskal Autonomia Erkidegoak oraingo aurrekontuaren bikoitza izanen luke, legez behar lituzkeen eskumen guztiak eman balizkiote. 1979ko autonomia estatutua ez da hitzartu bezainbat garatu, eta ondorioz urtean 5.000 milioi euro gutiago kudeatzen ditu. Eusko Jaurlaritzak eta EAJk erregularki egiten dituzte kexak Gernikako Estatutuaren garapen faltagatik. Mehatxu guti, ordea. Erakusten dutena da beren ahulezia eta gaitasun falta akordioak errespetarazteko. Erakusten dute, halaber, Madrilekin ez dela askatasunik posible, eta Espainiarekin izenpetzen diren hitzarmenek zein balio guti duten.
Alfons López Tena Kataluniako notario independentistak dio Kataluniak ez duela nehoiz lortuko independentzia, eta oraingo prozesu hau hutsean geldituko dela, hauteskundeetan aurkeztu direnek betikoa proposatzen dutelako, Espainiarekin negoziatzea. Ororen buru, zertarako? Espainia gaiztoa dela erakusteko, eta “gu, aldiz, txintxoak”. Katalanismoa ehun urte hauetan elikatzen da Espainiarekiko biktimismotik, López Tenaren arabera.
Balio frantziskotarrak (apaltasuna, sinpletasuna) izatea leporatzen die politikariei, eta horrekin ez dela askatasunik lortzen, galtzaileen balioak direla.
Geroak erranen du iragarpen horretan huts egin duen ala ez, ea hautetsi horiek Kataluniaren independentzia aldarrikatzen duten ala ez. Duda horiek ez dira apaldu independentziaren aldekoek bozen %50 gainditu ez izanaren ondotik.
Irailaren 27ko hauteskundeek nagusitasuna eman diote independentismoari, aulki kopuruan, baina postura deserosoan utzi ditu alde bakarreko independentzia aldarrikatzeko mementoari begira. Espainiak kanpaina gogorra egina zuen, eta baliabide anitz badu bere burua inposatzeko. Espainiarekin adostu nahi bada aterabidea, ez da aterabiderik izanen.
Aspaldi zuen EAJ erraten ari zela Kataluniako eta Euskal Herriko (barkatu, “Euskadiko”) egoera desberdinak direla. Haientzat independentzia ez dago agendan. Eta Kataluniako emaitzak ikusi ondoan, EAJk ez du eginen CiU-k egin duen bidea. Segituko du erraten Espainia zein gaiztoa den, baina Espainiatik bereizteko borondaterik gabe.
Alabaina, jarrera frantziskotar hori bete-betean bizi dugu Euskal Herrian. Itxuran bederen, ekintzaileagoa dela dirudi Ipar Euskal Herrian gertatzen denak. Hiri erkidego bakarraren aldeko apustua egiten dutenek itxaropena agertzen dute egitura horrek izan dezakeen bilakaeran.
Bizkitartean, ez ote zaio gertatuko 1979ko estatutuari gertatu zaiona? Frantziak ez diola emanen orain batzuek espero duten botererik? Beraz, segituko dugu gure izaera frantziskotarrarekin: Frantzia zein gaiztoa den, nola ukatzen gaituen…
Hiri erkidego honen eztabaidan agertzen diren argudioetarik batzuk dira Ipar Euskal Herriak pisu bat izan behar duela Akitania handi horren erdian. Ez badugu hiri erkidego hori, irentsiak izanen garela. Eta baldin badugu, ez, ala? norbaitek uste du horrela gutiago menperatuak izanen garela? Zergatik nahi dugu begiratu eskualde horretara? Zergatik jokatu horren arabera? Menperatzaileari begiratzen badiogu, eta kontuan hartuko gaituela espero badugu, betetzen ez den Gernikako Estatutuaren egoera bera biziko dugu.
Jende gehiagoren artean bilduz indartsuagoak garelako ustearekin, urteak daramatzagu aldarrikapenak epeltzen, Frantziatik hori bederen lortzeko esperantzan. Eta Frantziatik ez da sekula deus heldu, porroska batzuk ez badira. Eta horiekin bizi gara, menperaturik, baina menperatzaile gaiztoaren biktima garela salatzeko zilegitasunarekin kontent.