Joan den larunbatean, Bizi!k deiturik, 110 pertsonek ekintza sinboliko bat bururatu dute Europako biribilgunean, Biarritzen. Bertan Europa-Kartzela gaitzetsi dute eta Geriza-Immigrazioa lege proiektuaren kentzea galdatu dute. Mobilizazio horren karietara, Geriza-Immigrazioa legearen gaitzesteko, asteartean apirilaren 3an Bizi! mugimendu altermundialistak Hendaiako erretentzio zentroaren okupatzeko deia luzatu du.
Martxoaren 24eko ekintza horretan, goizeko 11:00etarik landa europar bandera handi batagerian emana izan da, non ohiko izar horiak ordezkatuak ziren alanbre ziztadunetaz, eta ondotik, biribilgunearen inguruan itzulika egon dira Europa-Kartzela, Geriza Immigrazioa lege proiektua salatzen zuten eta migratzaileekiko harrera eta elkartasuna gomendatzen zuten pankartekin.Migratzaileak laguntzeagatik hainbat aldiz arrastatua izan den Cédric Herrou, Roya haraneko laborariaren presentziarekin, militanteek datorren aste eta hilabeteetan elkartasun ekintzez eta Collomb legearen kentzea galdeaz osatua izanen den”Haiek, gu dira / EtorkiZUna” kanpaina presentatu dute.
Bizi!ko Florence Warembourg-ek astearte honetan, apirilaren 3an berriz ideki behar duen Hendaiako erretentzio zentrora joaiteko lehen Deia zabaldu du han galdatzeko migratzaileen ordez atxilotua izaitea.
“Ez dira gu baino hobendunagoak. Hobengabeentzat den zinezko kartzela hortan atxilotuak dira, bizia ezinezkoa bilakatu den munduko parte batean sortzeagatik, gerlatik edo miseriatik ihesi egiteagatik. Horrez gain, lege proiektu horren asmoa erretentzioaren iraupen legala 90 egunetik berdin 135 egunera luzatzea da! Zein erretentzio zentrotan atxilotuko gaituzte bihar, aldaketa klimatikoak sortutako ozeanoen igotzea gatik bizia ezinezkoa bilakatuko balitz euskal kostan? Zergatik besteei egiten diegu, guri egitea ez ginukena nahi? Asteartean, apirilaren 3an 9:00etan Hendaiako erretentzio zentroko ateen aitzinean gure burua aurkeztuko dugu eta galdegingo dugu migratzaileentzat bertan diren tokien hartzerat. Migratzaileek babesaren beharra dute eta ez kartzelena!”
Migranteen gaiaren kudeaketa urrikalgaitza errefusatzen duten pertsonak deituak dira apirilaren 3ko ekintzara juntatzerat, eta egun hortan ezingo dutenak presente izan, gomitatuak dira hemendik harat sarean den izen emaite fitxaren betetzerat (klika hemen: etorkiZUna), beren egoera zibila markatuz eta zehaztuz migratzaileen ordez Hendaiako erretentzio zentroan nahi dutela atxilotuak izan. Apirilaren 3an, zerrenda osoa eskainia izanen da Zentroko zuzendariari.
Europa bunker bat bilakatzearen ondorio lazgarriak orroitaraziz, Cédric Herrou-k, Frantses Estatuan, berak ez nahi izanik ere elkartasun delituaren sinbolo bilakatu denak, migratzaileekiko harrera eta sustengu materiala indartzeko deia egin du, bai eta ere Geriza-Immigrazio legearen kontra mobilizatzekoa. Florence Aniotz, Bizi!ko kideak aldiz, legearen alderik kaltegarrienak presentatu ditu eta baieztatu du “eskubideen gibelatze kezkagarri bat irudiztatzen duela, eta migratzaileen egoeraren txartze bat ondorioztatzen duela, eta ondorioz arriskatzen duela Estatu frantsesean migratzaileek jada pairatzen dituzten tratu txarren indartzea.”
Anaiz Aguirre-ek esplikatu du Bizi! borroka honetan engaiatzaren zentzua. Alabainan, migratzaileen gaiak gero eta gehiago harreman badu jada martxan den klima nahasmenduaren gaizkitze eta zalutzearekin, jakinez herri industrializatuek ardura historiko argi bat dutela hortan. “Ezin dugu gure arduretarik ihes egin, eta orain “molda zaitezte” erran! Horrelako diskurtso bat oraino onartezinagoa litaike luzaz emigrazio herri bat izan den Euskal Herrian, jakinez milaka Euskal herritar miseriatik ihesi joanak munduko hainbat herritan errezebituak izan direla. Bihotz oneko proiektu errealista bakarra da elkarrekin gero amankomun baten eraikitzea, solidarioa eta jasangarria. Gure etorkiZUna, etorkinekin eraiki behar dugu.”
Euskal mugimendu altermundialistaren bozeramaileak beste hainbat hitzordu eta mobilizazio aipatu ditu heldu diren asteentzat, besteak beste apirilaren 20 eta 21ean iraganen den “Immigrazioa bestela pentsatu, hemen berean ekin” Baionako Foroa (Atherbea, Bizi! eta Solidarité Migrants – Etorkinekin -ek antolatzen dutena) eta Maiatzaren Leheneko Baionako usaiako manifestaldian “Haiek gu dira / EtorkiZUna” desfilearen presentzia.