Uztailaren 23-an Frantziako legebiltzarrak lurralde antolakuntzaren lehen atala bozkatu du. Eskualdeak heinean “ttipi” geldituko dira, egiazko Europa heineko erronketarik kanpo. Europako beste eskualde batzuek dituzten ahalmenik gabe, egiazko poderegunerik gabe.
Frantziako eskualdeen erreforma denen aho mihitako gaia denez,bizpahiru gauza aipatu gabe ezin egon. Frantses lehendakariak bultzatu nahi duen erreforma politikoak badu zerbait onik ere eta, agian, pundu baikor bakarra: mila osto delakoaren ber-ikustea baitezpadakoa bilakatua zen efikazitate zerbaiten izenean. Hori erran ta gero, ohartzen ari gira ere erreforma horren aintzina eramaiteko moldea katastrofikoa dela, erabat herritarren gandik urrun adostua. Parise aldeko kabinete ilun eta kasik sekretuetan borobildua, kasik astero karta berri bat aurkeztua zaigu, eskualde bakoitzeko jauntto batek telefonoz garraisika eta bere mesederako lortu aldaketen arabera. Azken finean amateurismo politikoaren mamua aipatzen dute batzuk, zeinek agian munstro batzuk sortuko dituen. Bainan berriz ere funtsezko galderak ez ote dira ixilean geldituko? Zer nolako eta egiazko podere emanen zaie sortuko diren eskualde berrieri? Zer nolako aintzinkondu? Zer nolako fiskalitate sistema berri?
Frantziaren gaixotasun larria
Funtsezko galdera horiek pausatu eta hasten ahal gira mila ostoen ostokada komentatzen. Frantses estadoa zentralismo okitu batetaz larriki eri da aspalditik. Gaixotasun larri horri bizkarra emaiteko gisan, iduri luke batzuk ohartu direla eskualdeeri beharko litaikela ahalmen zerbait gehiago eman. Geroztik egunero kasik entzuten ari gira “eskualde azkarrak, haundiak beharrezkoak dira » edo “ Eskualde haundi eta azkarrak sortuz, ekonomiak egingo dira eta efikazagoak izanen dira ». Emaiten du kasik, gisa hortan mintzatuz, batzuk, beti bezala, erronka nagusiak Frantzia sakratuaren neurrikoak ikusten dituztela. Europaren neurrikoak ezartzeko ordez. Emaiten du kasik, erreforma berri horrekin batzuk Frantzia gehiago amesten dutela eta ondorioz Europa guttiago alabainan. Anartean erreformaren ostokada tragikomikoa aintzina doa Pariseko prentsa baten konplizitatearekin. Egun batez Akitania mutil zahar iratzartzen da, ondoko astean bi ezkongai berriren ohean aurkitu aintzin. Espektakulu berdintsua ari da jokatzen beste hainbat eskualdeetan ere. Bainan baditaike aski laster kanpoko tenorearen bururatzea xistukatua izanen dela betiko lekutik: estatu zentralak eta bere administrazio zentral sakratuak stop erranen du komedia guziari. Eskolako haurren memento goxoak bururatuko dira eta jende serios eta jakintsuek aferak eskutan hartuko dituzte behingoz eta berriz ere. Parisetik erabakiko da zer den ona eta zer den txarra “peko” eskualdeentzat. Hori guzia erran ta gero beharko dira ezkongai berriak ezkondu, alabainan. Akitania, « gure » Akitania, Poitou-Charentes eta aski ez balitz bezala Limousin eskualdeekin parekatuz. Amodiozko ezkontza denez, bost axola haatik. Norbaitek erabaki du eta kitto. Gisa hortan jokatzeak harrigarrizko arinkeria nabaritzen du berriz ere. Eskualdeen historiari uko egitea da « frantses » ikuspegi batetik egin eta ere. Krisia garaietan agian oraindik gehiago kondutan hartu beharko litaikeen printzipioak zangopilatzen ditu “karta” berri horrek: eskualdeen egiteko molde sozialak, kulturalak… nahi ala ez gaur egungo eskualdeetan oinarrituak direnak. Horren erraiteak ez du erran nahi agian elkartasun eta kolaborazio gehiago beharrezkoak direla eskualdeen artean. Bi ikuspegiak ez dira elkarren kontrakoak, osagarri baizik.
Ahalmenik gabe
Anartean Kortzika bakarrik geldituko da “mutil zahar”, alabainan gauza jakina da: misoginoa da, donado okitua, bakarrik bizitzeko baizik egina. Nantes hiria ez da Bretainia eskualdean oinarritu eta sartu behar. Han azpi hartan den Euskal Herri parte ttipi harek aldarrikatzen duen Lyon eskualdeari kopiatu lurralde kolektibitatea, ba ez ta pentsatu ere… mementoan segurrik.
Frantzia, Frantzia haundia berriz ere egiazko erreforma baten ondotik pasatuko da seguraski. Eskualde berrituek ezingo dituzte muga berriak eraiki Frantzia mailan, aduana kontrola berriekin. Orain arte bezala, jendeen, merkantzien eta ideien ibiltzeko moldeak askeak izanen dira Europa guzian bezala. Eskualde berritu horiek ez dira “estatu” azkar batzu bilakatuko gaurtik biharamunerat Parisetik hola erabakirik.
Heinean “ttipi” geldituko dira ere, egiazko Europa heineko erronketarik kanpo. Europako beste eskualde batzuek dituzten ahalmenik gabe, egiazko poderegunerik gabe. Ez da biharko, Midi-Pyrénées eta Languedoc ezkondu berriek independentziarako kontsulta bat eskatzen Pariseri ! Ez, Parisek kasik dena kateatuko du berriz ere, betirako (?) erabaki baitu bere (?) eskualde historikoek ezin dituztela beraien aferak kudeatu eskutik atxikiak izan gabe.
Anartean, orain arte bezala naturaltasun haundienarekin segituko dugu eremu historiko dugun huntan aktore ezberdinen aktibatzen eguneroko bizitzako eginbehar guzietan. Segituko dugu hurbiltasunari sentsu bat aurkitzen, herri kontzientzia ideki bat egunero pizten eta azkartzen.Frantziatik edota Europa aldetik gureganat hurbiltzen ireneri herri konzientzia hortaz konzientizatzen.
Eta pazientziazko lan xehe horrek emaitzak emaiten ari dituelako, Parisetik zerbait proposatzen dutenean, baiezkoaz erantzunez puntaraino negoziatzeko gai girela frogatuko dugu. Bidea betikoa da, funtsean besterik ez da eta.