Peio OSPITAL
Joan zaiku Landibarreko « erresiñoleta », « amodioz beterik… berro sasietarik » hainbat kanta kantatu eta sortu dituena! Joan zaigu Manex Pagola! Eta hau erraitearekin, sendimenduak nahasten zaizkit: aldi berean pena eta esker ona.
Alde batetik pena, hurbileko lagun bat galtzen denean senditzen den urradura. Iduri zait Manex joaitearekin nitarik zerbait ere berarekin badoala…
Eta esker ona bestetik. Eskerrak Manexi eman daukun guziagatik! Gure herriari eman duen guziagatik! Manex izan da dudarik gabe gure belaunaldiko kantugile emankorrenetarik bat. Eta Pantxoarekin izan dugu Manexen kantuak kantatzeko ohore eta zorion paregabea.
Hitz laburretan agertu beharko banu haren jenioa, erran nezake Manexek bazuela (gutik bezala) etxeko eguneroko hizkuntza arruntari indar poetikoa berdin politikoa emaiteko gaitasun edo dohain berezia. Hortarik dator, nere ustez, Manexen kantuen arrakasta. Manexen kantuek dute xinpletasunaren freskotasuna eta soiltasunaren aberastasuna. Hortan datza arrakasta.
Manexek « Kontserbatorioa » egin zuen Elizetxeko familiaren babesean eta Behauneko elizako alkietan. Hor ikasi hizkuntzatik eta hartu hezkuntzatik sortu ditu bere kantuak.
Kantuaren bidez tratatu ditu Manexek gure herriak 1960-70. hamarkadetan bizi zituen arazo nagusienak: hizkuntzaren galtzea, langabezia, erbeste ekonomikoa, aldi berean herri mina ere agertuz: « Jo bezate ezkilek« , « Gurea da« , « Askatasuna« , « Kantazak, euskalduna« , « Ez dut bilatzen« , « Euskadiko langileak« , « Lanik gabe » eta beste hainbat kantu hor ditugu lekuko.
Orokorki, kantuen gaieri dagokionez, erran nezake Manexek jorratu dituela kasik bizitzaren arlo guziak, haurtzarotik hasita. Bere haur eta gazte denborako orroitzapenak kantutan jarri ditu: « Ttakulin« , « Egun on aitatxi-amatxi« , eta nolaz ez « Eñaut Bidegorri » bere anaia Léon-en omenez egina, hau gazte-gazterik istripuz, traktur azpian harrapaturik, hil zenean.
Axola handia zuen haur-kantuak sortzeaz. Adibidez, « Euskaldun Xoriak » deitu udalekuan begirale egon zenean egin zuen « Goazen alegeraki » kantua. Geroxeago egin zuen denen artean famatuenetarik gelditzen den kantua, « Urtxintxak oihanian« . Azpimarretzekoa da kasu huntan herriak, kantuaz jabetzearekin, eman dion eduki metaforikoa: askapen eta askatasun aldarrikapenaren sinboloa jarri dio herriak, Manexek haur kantu bat egin zuelarik, besterik gabe.
Amodiozko kantuak ere ez dira falta Manexek sortu kantuetan, bizipen pertsonaletik abiaturik: « Adios maitea« , 1965ean Brives-eko kaserna militarrean zegoenean egina, edo « Azken dantza » urte berean Aljeriara « kooperante » gisa joan zenean egina.
Aipatzekoak dira ere Manexek sortu kantu zirikatzaile edo satirikoak: « Moda berria« , « Zaude ixilik« , « Berriketariak« , « Gobernadoreen karrika« , besteak beste.
« Bizaren altzotik » sortuak izanik, pena eta nekea agertzen dira Manexen kantuetan, bai ta ere esperantza eta itxaropena, aserrea eta borrokarako deia: « Ulitxak lehoia aurtiko du!«
Molde hortan parte hartu izan du Manexek Ipar Euskal Herriko pizkunde kulturalean. Aintzindaria eta bide berri urratzailea izan da arlo hortan: Zazpiribai, Ortziken… ikuskizunak antolatzen bultzatzailea izan zen. Beste batzuek aipatuko dute haren ibilbide politikoa.
Horrez gain, erran behar da Manex gizon eta lagun guziz atsegina zela, konpainiakoa. Lagunartekotasuna izan da haren bertute ezaugarrienetariko bat. Manexek ez du sekula jakin zer den gorrotoa edo hisia. Hauk sendimendu guziz arrotzak zitzaizkion. Ezin zitekeen berarekin aserretu edo samurtu, desadostasunak izanik ere.
Umore handiko gizona zen ere, ezin ahantzizkoak dira harekin bizi izan ditugun hainbat anekdota… Bat aipatzekotan, aipatuko nuke 1978an Behorlegin (nahitara hautatua Euskal Herriko herri ttipienetarikoa izanik) estreinatu zuten « Kanta Bi » ikuskizunean gertatua: memento batean Manex hasi zen « Marseillesa » akordeoiaz jotzen… jende guzia harritua… eta Manexek: « Ez, ez, trankil! Ez harritu! Hau bakarrik akordeoiari herrautsa kentzeko zen…«
Bai, Manex! Eskerrak hiri bihotz-bihotzez eman daukukan guziagatik! Gure herriari eman dukan guziagatik! Eta eskerrak ere Biziari! Bizi Indarrari! Manex eman duelako gure herriari eta berarekin bizitzeko zoriona eta grazia eman daukulako!
Eta joan bada « erresiñoleta« , gure artean bizirik segituko du urte eta hamarkada luzeetan bere kantuen bidez!
Ez adiorik, Manex!
Manex Pagola Baigorrin 1/6 (Nola hasi zinen kantuan?)
2016ko apirilaren 23an, « IZAITEKO LIBRE: MANEX PAGOLAREN OIHARTZUNAK » musikaldia antolatzen zuen Basaizeak Baigorrin. Aitzin, harekin izan ziren bere kanta egile ibilbideko oroitzapenak biltzen. Hara sei aleko lehen bideoa: