Michel BIDEGAIN
Gizaki batzuk sinesten dute bizpahiru bizitza biziko dituztela bata bestearen ondotik, metenpsikosis edo arrainkarnazioaren bitartez. Patxik ez du lur huntako bizia agortu zitzaikion idurikatu, ondotik beste bizi bat edo beste bizitzeko. Nahiago izan ditu hiruzpalau bizi berdenboran eraman, heriotzaren ondoko berpiztearen menturan egon gabe. Eta nolako bizitzak, gainera, bata bestea bezain aberats eta eragingarriak: Sokoa enpresaren sortzaile eta kudeatzaike, Herrikoaren sortzaile eta kudeatzaile, Enbata mugimendu abertzalearen sortzaile eta militante, Enbata aldizkariko laguntzaile eta idazle, Laborantza Ganbararen Lagunak elkartearen sortzaile eta kudeatzaile, ezker abertzalearen bidelagun jarraikia eta beste.
Mundu abertzaleak, Iparralde huntan sortu zenetik, zorionez, Patxi bezalako bidelagun paregabeak ukan ditu. Funtsean, gerla ondoan basamortu kultural, ekonomiko eta politiko zen eremu huntan ez zen abertzaletasunik sortuko eta errotuko, ez balira Patxiren iduriko aintzindari zenbait altxatu. Ez ziren asko, ahurtara bat gehienez, gizarte alienatu hontako indar aurrerakoien altxagarri izan zirenak. Belaunaldi aintzinikusle hori desagertzen ari zaigula, milaka daude, zorionez, haiek abiatu ildotik segitzen dutenak. Erein hazia hozitzen eta uzta emaiten ikustea xantza ederra da.
Patxiren bizitza ezberdinak nolakoak izan diren beste batzuk nik baino hobeki marraztuko dute. Nik xantza ukan dut Mixel eta Patxiren ondoan izaitea Laborantza Ganbararen sortze eta defentsako garaietan. Horien saietsean lanean aritu girenek ikusi eta ikasi dugu gizarte honen emanzipaziorako beharrezkoak ziren tresnak nola eraiki eta garatu behar ziren. Laborantza Ganbararen Lagunak elkarteko lehendakari izan da Patxi, urte luzez. Lehendakari argia, zorrotza, nekaezina. Alta ez zuen jatorriz laborantzarekilako lotura haundirik. Bainan sinesten zuen gizarteari hurbileko janari sanoa eskaintzea laborantza iraunkor et jasangarriaren afera zela, ez ekoizpen induztrialarena. Bazekien ere Iparraldeko etxalde ttipiek bizirik iraun behar balin bazuten ez zutela beste aterabiderik eta hori denen afera zela, baserritarrena eta hiritarrena, ekoizleena eta kontsumitzaileena. Gizarte osoarena.
Patxik honbeste aldiz, egunaz eta gauaz, egin duen Hendaiatik Ainizarateko ibilbidea bizi guzian egin dituen indar eta sakrifizioen adierazgarri da. Horrengatik jendartearen eskerrak merezi ditu. Bainan badakit ere, baitezpadako lan horiek denak ez zituela eramanen Patxik ez balu Pantxika bere bizilaguna bere ondoan ukan, laguntzaile diskreta, lan ederra ixilean egin duena. Gure eskerrik zintzoenak merezi ditu. Bidelagunen atxikimendua dolumin dorpearen soleigarri izan diezaiola.
Milesker Patxi, agur eta ohore Jauna.