Urte ondar honetan Euskal Telebistatik « Mission Pays Basque » film berria ikusteko aukera ukan dut, nahiz-ta hasiera ez nuen ikusi. Baina obra honi buruz nire aburua eman dezadan ez dit huts horrek oztoporik eman.
Ez da lehendabiziko aldiz Frantzian edo Espainian estatuen menpean dauden nazio ukatuei buruzko film baten kaleratzea: « L’affaire corse »; « Ocho Apellidos Vascos » aurrekariak ukan ditugu.
« GAL », « Operacion Ogro », « El lobo » eta « Lasa eta Zabala » naski, beste kategori batean kidetzen ditut, errealitateari hobeki dagozkiolakoan.
Korsikari buruzkoan bertako arazoaren karikatura bat egin zutela argi dago. « Ocho Apellidos Vascos « delakoan, euskaldunak zalaparta atseginez ezartzen duten kaletar edo baserritar bezala erakusten dizkigute eta andaluziarrak flamenkoa eta festa besterik buruan ez duten pertsona nagiak bezala agertzen zaizkigu. Frankismoaren denboretan egiten zen bezalaxe.
Euskal Herrian egiten den eraikin eta lurraldeen espekulazioa oinarrizko gaia dugu tituluko pelikulan; errealista izan arren, haren aurkezpena oso azalezkoa edo mamirik gabea dela ohartu naiz. HEC-tik atera den emazte espekulatzaile hori bide erromantiko batez haren biktima materiala izaten ahal zenaz maitemintzen da. Eta haren kuñatua izanen zen mutikoa neska saratar punk batekin ligatzen da. Kutxa beltzetik atera dirua erabiltzen diren aferak zoritxarrez ez dira maitagarri edo printzesen ipuinetan bezala amaitzen. Bukaera utopikoa izanagatik gaiaren mamia onargarria izan arren, aurkezpena oso txarra deritzot; Euskal Herri folkloriko bat – hitz hori esanahi ezezkorra hartuta naski – baizik ez diote ikuslegoari erakutsi: irrintzina apustua, gastronomia eta besta; baina okerrena da euskal kanturik gabeko besta. »La belle de Cadiz » eta « Sous le soleil de Mexico » frantsesez abestuaz; hots Euskal Herriari buruz joan den mendearen erdian egiten zena baino okerrago erakutsi dute.
Baionako supermerkatuaren jabearen iloba saratarrak Arantxa izeneko militante ohi baten asmoari segituz ETA kideei arma batzuk itzultzen zizkiotenean, erakunde armatu ohiaren ekintzaileak « erru gabeko biktimak » berrogei urtetan zehar egin zituzten pertsona odolzaletzat jo dituzte, azken mende erdi horren errealitatea ukatuaz. Basa Nafarra edo Zuberoko mendietan hartz bat agertzen da aspalditik bazter hauetan ez dagoela gauza jakina izan arren.
Euskal Herriko historia eta errealitatea ezagutzen ez duenari ikuspegi okertu bat ematen dio pelikula horrek. Presoen urruntzea eta sakabanaketaren aurkako mobilizaziorik ez da agertzen ez eta ere aipatzen; urte horren hasieran eratu den Iparraldeko erakunde berriaz ez da hitzik entzuten; ikastola eta euskararen ofizialtasunaren alde eramaten ari den borrokaz elerik ez; bake prozesua ez da ere aipatzen eta Euskal Herria benetako egoera lasai batera itzuli bailitzan agertzen da film osoa.
Badakit film horren xedea ez dela dokumentu politiko bat izan behar, baina erreala daiteken ezenario hori testu inguru errealago batean koka zezaketen. Hobe izanen zen EITB arekin kooperatuz film hori egin balute, Frantziako estatuan herrialdeko telebista kateen arduradunekin egiten ohi duten bezala.