Bernadette Oillarburu, laborarisa, ELB-ren sortzailetakoa
Mixel ezagutu, kurutzatu, harekin lan egin dugun guziek plazer ginuen entzutea bere arrazoin, hitz sakon eta barnakorrak. Usu omore goxo batekin ere, esanaldi bat usu aditu dugu bere ganik “aintzinetik galduak diren borrokak dira eremanak ez direnak”. Hori ikasi eta frogatu dauku. Bizi guzian, gazterik hasirik, Mixel borrokatu da zerbaiten ardiesteko. Mixelekin ulertu dugu elkar lanean, gure ahal xumeak bilduz zela behar hura sortuko, hots guhaurek eraikiz. Hola ziren hasi laborarien gogoetak ELB ren sortzeko 1982 urtean. Urte horietan, Euskal Herrian sindikalismoa (FDSEA) dinamika ekarpenik ez zuten pertsona ohargarri batzuk kontrolatzen zuten. Harreman tinko eta adostuak zituzten orduko podere politikoarekin bai eta entrepresa agroalimentaire delakoekin. Laborariak horien peko ziren, defentsarik gabe.
Mixel Ipar orratz eta gidari
Egoera horretan, batean gazteak biltzen ziren Euskaldun Gazteriaren baitan (MRJC Euskal Herrian). Laborarien taldean Mixelek parte hartzen zuen bere lagunekin. Biziari helburu bat emaiteko gogoetak egiten ziren une hortan, eta hor da konzientzia hartu, ukaitea baino aberasgarriago zela izaitea. Bere inguramenean izaitea zela engaiatzea, bertzeri emaitea, guziak eramaiteko bizi hobe eta zuzenago bati buruz. Naturalki Mixelek ikusi zuen orduan laborantxa mailan lan bat bazela eramaiteko: zoin garapen mota sustatu, Euskal herriko laborariek nonbre handian segi zezaten beren etxalde ttipietan, lanetik oneski bizitzeko gisan. FDSEAk ez zion erantzuten galde horri, kezka hori gogoan zen sortu 40 laborari inguruk osatzen zuen taldea. Horietarik gehienak, emazte eta gizon, sindikata bakar horren barne ginen.
Euskal herriko laborariek
nonbre handian
segi zezaten beren etxalde ttipietan,
lanetik oneski bizitzeko gisan,
nahi zuen Mixelek.
Mixel gure Ipar orratz, gure gidari ginuela, zuzengabekerien salatzen hasi ginen: laborariak esnetegien peko, lur salmentak sosduner. Ekintza desberdinetan sindikateko buruzagiek ez gintuztenen segitzen. “Ce sont des péchés de jeunesse” izkiriatu zuten behin beren astekarian, gure elgarretaratze baten biharamunean! Bai bekatu zen orduko egitaraueri gure ez adostasunaren adiaraztea.
Bost urte hurbil iraun zuten 40 laborarien gogoetek, hiru urtetarik ziren sindikatuaren bulegoko bozkak, arduradunen hautatzeko, 78. urtean galdera : “Sindikataren barne egoiten gira edo jalgitzen?” Erantzuna izan zen barne egoitea, bainan ahal ginuen guziek karguak hartzea, horrela barnetik eginen ginuen lan, sindikataren ibilbidearen kanbiatzeko, kontraerranen argitaratzeko. Hautatuak izaitea lortu ginuen.
Emazteak ELBko pindarra
Ondoko hiru urteak aberatsak izan ziren, zeren asmatzen hasi ginen zehazki nola, zoin helbururekin, nola erabilia izan zitakeen Eukal Herriko laborarien sindikata berria. Mixelentzat baitezpadakoa zen, egitarau berri horrek behar zuela laborarien gehiengo handi bat bildu, proiektoak behar zuela landua, barnatua izan, ulertua izaiteko.
81. urtea. Galdera bera, barnean egon ala jalgi? Nahiz politika aldatua, sindikata guziak ezagutuak (horietan CNSTP) taldeko eztabaidak bixi bixiak ziren, prest, ondua, bainan ezin trenka! Emazte laborarisek, FDSEAko emazteen taldekoek eta horietan Mikele, Mixelen espos laguna, eman ginuen gure iritzia “guk ez dugu segituko barnean”. Hori izan zen ELBren sortzeko pindar ttipia. Atseginez taldeko gehiengoak urrats hori onartu zuen. Usu Mixelek pozik gogoratzen zuen “jauzi” hori. Guzientzat, plazer handi bat izan da Mixelekin lan eder horren eramaitea.
Mixel izan da ondotik ELBren eragile, usu zituela bilkura eta hitz ordu. Mikele aldiz etxaldearen kudeaitzale, errotik engaiatua bera ere. Ohore xuri Mikele! Milesker eta ez adiorik Mixel!