Mugikortasun politika ausarta, txirrindiraultzaz!
Igande honetan, 2022ko irailaren 25ean, 200 txirrindularik Bizik Donibane Lohizunen bizikletaz manifestatzeko deiari erantzun diote. Helburua argia zen: bizikleta bide seguru gehiago eskatzea, Jean-François Irigoyen auzapezari dei eginez. Azken hau Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Sindikatuko lehendakaria baita, lurraldean mugikortasun politika eraginkorra garatzeko duen anbizio faltagatik, erhiz erakutsia izan da.
Besta giro aldarrikatzailearekin ibili dira txirrindulariak, bereziki geltokiaren parean den eta egun bizikleta bide segururik ez duen D810 errepidea hartuz. Bizikleta andana Charles de Gaulle zubian ere gelditu da (zubi honek Donibane Lohizune eta Ziburu lotzen ditu), argazki kolektibo bat hartzeko denbora. Bidea ez da nolanahika hautatua izan: gaur egun bizikletari debekatua zaio. Horrela, Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilua ere galdezkatu nahi zuen Bizik. «Duela aspaldi honek zubixka baten eraikitzea hitzemaiten digula, oinezkoek eta txirrindulariek, azkenean, Urdazuri erreka bakean zeharka dezaten, autoetatik urrun. Noiz hasiko dira lanak?» galdetu zuen Sabine Endarak Biziko bozeramaileak. Euskal kostaldean garraioa berotegi-efektuko gasen emisioen lehen erantzule dela, eta Ipar Euskal Herri osoan bigarrena, oroitarazteko parada izan da.
Manifestaldiaren bukaeran, Grégory Vieauxk Biziko bozeramaileak Jean-François Irigoyen jaunari mezu argia utzi dio: « Guk, Bizi! elkarteak, adi jarraituko dugu Donibane Lohizunen egiazko bizikleta-plan bat plantan emana izan dadin. Eta ez dugu zalantzarik ukanen LOM legea (Ingurumen Kodearen L228-2 art.) betetzen ez duten errepideen antolaketak salatzeko».
Bizi! elkarteak presioa egiten segituko du, ekintzak eta manifestaldiak biderkatuz emaitzak agertu arte. Herritarrak gomitatzen ditu Ipar Euskal Herriko mugikortasun eztiak defendatzeko Biziren Garraiobide Alternatiboen aldeko taldearekin eta Hego Lapurdin bereziki aktiboa den Bizi Larrun taldearekin juntatzera.