Joan den maiatzeko udal eta foru hauteskundeek duela lau urte abiatu aldakuntza geldiarazi dute Nafarroa Garaian. Eskuineko alderdi espainolistak eta PSN alderdia indarberriturik atera dira, abertzale eta ekertiarren kaltetan. Iruñea galdua eta foru gobernua eskuina edo alderdi sozializtaren eskuetan uztekotan. Hara jarraian egoeraren azterketa eta zonbait kezka.
Azken lau urteetan Nafarroako gobernua eraman duen laukote abertzale eta ezkertiarrak ez du gehiengoa irabaztea lortu.
Hegoaldean iragan berri diren udal eta foru hauteskundeen biharamunean, neretako Nafarroako emaitzak dira bereziki deigarriak. Ez baitezpada aritmetika elektoral baten ikuspundu huts batetik, baizik eta Nafarroa Garaiak Euskal Herriko burujabetza prozesuan duen kokapen bereziarengatik. 2015ean udal eta foru hauteskundeen emaitzak erori zirenean, gipuzkoarrak nahiko triste ikus genituen. Ni aldiz biziki kontent nintzen Nafarroan lortu zen aldaketarengatik. Aldi honetan, sentimenduak aldrebestuak dira : EH Bildu nahiko pozik agertu da lortu duen bozka kopuruarengatik, nik aldiz, Nafarroan sortu zaigun egoera dela eta tristura punttu bat senditzen dut. Azken lau urteetan Nafarroako gobernua eraman duen laukote abertzale eta ezkertiarrak ez du gehiengoa irabaztea lortu. Nola aztertu emaitza hori? Lehenik erran, Navarra Suma koalizioaren sorrerarekin eskuinean egon den indar metaketak aski ongi funtzionatu duela. Bigarrenez, ezkerrean Podemos-en bozkatzale multzo eder batek aldi honetan PSNri eman dio bozka. Azkenean, Espainiako hauteskunde orokorren giroak bere ondorioak eduki ditu Nafarroako hauteskundeetan.
Duda handiak
Hauteskunde orokorretan, otsailaren 10ean, Madrileko Plaza Colónen PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek elgarrekin antolatu duten manifestaldiak eragin duen beldurra kapitalizatzea lortu du Pedro Sánchezek. Eta efektu horrek bere luzapena izan du tokiko hauteskundeetan. Orain, PSNk Nafarroako Parlamentuaren mahainaren lehendakaritza Geroa Bairi utzi dio, EH Bilduk mahainean parte-hartzea onartuz. Xantza haundiak dira PSNk, Geroa Baik eta Ezkerra-Izkierdak gobernu baterako akordio programatikoa erdiestea. Halako gobernuak azken lau urteetan Nafarroan eraman den aldaketa dinamika jorratzen jarraituko du? Pertsonalki duda handiak ditut, hasteko, euskal nortasuna eta Euskal Herriaren aldeko irizpide batetik… Hortaz, PSNk herriko etxeen osatze saioetan mantendu duen jarrera oso gogorra izan dela gogoratu behar da. Izan ere, ezkerreko indarrek herriko etxea berenganatzeak EH Bilduri auzapezgoa ematea suposatu duen herriko etxeetan, eskuinari poderea ematea edo berekin aliantziak osatzea nahiago izan du. Jokabide hori herriko etxe guzietan izan du PSNk; horren adibide adierazgarrienetan Irunea bera kokatzen ahal dugularik. Baina neri Sartagudako adibidea bereziki deigarria egin zait. Gerla zibilaren garaian, frankistek 86 sartagudar erahil zituzten. Tartean, ordu hartako auzapez sozialista (Eustakio Mangado Urbiola) eta hainbat herriko kontseilari afulisatu zituzten. Sarraski hori dela eta, Sartaguda “alargunen herria” gisa ezaguna da.
PSN-ek Navarra Suma nahiago
Maiatzaren 26ko herriko hauteskundeetan EH Bilduk Sartagudan lehen indarra izatea lortu du. Hala ere, eta herrian duten iraganarekin, PSNk EH Bilduri auzapezgoa uztea baino, Navarra Sumarekin paktatzea nahiago izan du, abertzaletasunarekiko PSNk oraindik mantentzen dituen posizio atzerakoi horiei beste datu bat gehitu behar zaie: Geroa Bai eta EAJren artean dagoen hurbiltasuna. Kataluniako prozesuak Espainian eragin duen astinaldiaren ondotik EAJk jarrera argia adierazi du: ez du hausturarik eraginen Espainian, eta zerbait “eskaintzekotan”, egonkortasuna izanen da. Nafarroaren kasuan beraz, PSN, Geroa Bai eta Ezkerra- Izkierdaren artean osatu daiteken gobernu batek euskal nortasuna eta burujabetza prozesuaren indartzeari begira aldaketaren segida baino, geldiunea ekar dezakeela beldur dut. Edozein kasutan, jakina da gobernu hori indarrean jartzeko EH Bilduren abstentzioa beharko dela… Aurten, San Ferminak eta gero “jaiak” jarraituko du Nafarroan.