Catalunyak antolatzen ahalko ote du independentziari buruz jende galdeketa, ala Madrilek konstituzioan oinarrituz baztertuko du egitasmoa? Andde Sainte-Mariek emaiten digu Catalunya eta Espainiaren arteko borrokaren berri.
Duela guti irakurri dut enpresari katalandar baten erantzuna, bere seme independentistak eskatzen ziolarik ea independentzia lortzeak beldurra eta lotsa eragiten zizkion. “Ez, uste dutalako hau guzia hutsaren hutsean bukatuko dela. Ez banu gisa hortan ikusten, bai kezkatuta nindaikela”. Baditaike halere, aurtengo Diadaren, Via Catalanaren ibilbidearen eta azken inkesta publikoen emaitzak ikusita, aipatu enpresariaren lasaitasuna nolabait itzulipurdikatua gertatzea. Edozein gisaz Catalunyako egoerak pentsaketa egitekoa emaiten duke imobilismoa eta statu-quo baten aldeko parioa egiten duten arduradun politiko guzieri, pentsatu nahian fenomenoa berez hurtu eta desagertuko dela.
Nola desegin korapiloa?
Datu ezberdinak alabainan ezinago adierazgarriak dira. Duela urtea pasa antolatu manifestaldi haundiaren ondotik, independentismoak gorakada ikaragarria ezagutu du jendarte osoan eta erran ditaike sobera okertu gabe, gauregungo katalandar panoramako proiektu politiko sendo bakarra bilakatzekotan dela. Herri kontsulta edo erreferendum baten konbokatorioa Catalunyaren geroaz erabakitzeko, herritar katalandarren gehiengo haundi batek bere egiten du. Erdibideko soluzioek (finantzaketa berria, azpiegitura politika berria, hizkuntza eta kultur arloetan) ez dute gehiago seduzitzen. Catalunyako karta politikoa arrunt aldatzen ari da. Alderdi politiko « tradizionalak » elektoralki ahultzen ari dira eta gaur egun parlamentu autonomikoko bosgarren eta seigarren indar bilakatuak dira PSC eta PP. Unionismo espainiarra Ciutadans sortu berriaren eskuetan dago jada, sozialisten eta popularren gainbehera dela eta.
Catalunyan, herri kontsulta aintzin ikusten bada aterabide politiko bakar gisa jendarteko gehiengo zabal baten ikuspegitik eta memento berean español alderdi eta gobernuak erreferendum hori arrunt ezinezkoa daukatelarik, nola demontre konpontzen da korapilo hori ?
Aterabidea politikoa da
Autoristarismo konstituzional neurrigabea eta imaginazio politiko falta ikaragarria izan daitezke español gobernuaren jarrera ulertzeko kalifikatiboak. Emaiten du arrunt iraganeko eskema batzuetan fosildurik dagoela, nahastuz Catalunya eta CIU eta pensatuz azken hunek baduela oraindik ahalmen politiko zerbait egoera « normalerat » ekartzeko. Bainan ikusten da ezinago argiki, abertzaletasunaren ikur nagusi den (zen ?) CIU horrek ere ezin duela independentismo uholde berri horri berak nahi lukeen erritmorik bultzatu jada! Gauregun balio duen galdera bakarra da : zer ahal da negoziatu, norekin eta nola ? Oinarrizko puntua, arrazoaren iturburua ezagutza politikoan kokatzen da. Catalunyak subjektu politiko osoa izan nahi du. Bere geroaz libreki erabakitzeko gai den subjektu politiko osoa. Eta ezagutza konkretu hori, soilik herri kontsulta batek emanen dio. Gelditzen zaio beraz kontsulta horren baldintzak negoziatzea eta ahalaz adostea : zer galdera, noren parte hartze eta bozka ahalmenekin, zer nolako gehiengoa bozketa baliagarria izaiteko aldaketa instituzional baten perspektiban edota estatu zentralaren estrukturazioa aldarazteko. Bainan zoritxarrez PP baita PSOEko gobernuek ezezko borrobilaren bidez erantzuten diote hipotesia horri, legea eta konstituzioa bezalako hitz sakratuak aintzin emanez. Legea ala beldurra ? Nolaz bada, PP eta PSOEk ez dute gehiago ilusitzen beren ikuspegi politikoen bitartez katalandarren gehiengo bat ?
Catalunyan, « konstituzioaren »
eta « legearen » gibelean gordetzeak,
soilik egoera politikoaren usteltzea
eta jendartearen zatiketa nabarmenagoa
ekarriko ditu.
Catalunyako ikurrazko galderak aterabide politiko bat exigitzen du. Sistema demokratiko orotan, aterabide politikoak ideia eta proiektu politikoen konfrontazioetarik eta herritarren bozketarik aurkitzen dira.
Ikusita zer nolako heinerat helduak diren gauzak Catalunyan, « konstituzioaren » eta « legearen » gibelean gordetzeak, soilik egoera politikoaren usteltzea eta jendartearen zatiketa nabarmenagoa ekarriko ditu. Bere burua demokrata daukan español sistema politikoak ezin du Konstituzioa, k majuskula batekin, beti baliatu presondegi bat bezala. Sistema demokratiko orok beti izan behar lukete ate bat idekirik « bere » jendarte jakin baten nahikaria libreki konkretatzeko… Bere garaian, hori bera onartu zuen Kanadako auzitegi konstituzionalak. Kuraia demokratiko kontu bat da, besterik ez. Quebecek badu horren berri…