1884-garren urtetik lanaren edo langilearen eguna ospatzen ohi da maiatzeko lehen egunean. Garai haietan Ameriketako Estatu Batuetako langileek zortzi orduko lan eguna errebindikatu zutelakoan datza ospakizun horren jatorria. Hala ere, beste herri askotan data desberdinetan ospatzen da: Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan irailan; Australian udazkenean, ala udaberrian. Gauzak hala izanik ere, maiatzeko lehena nazioarteko langileen eguntzat mundu guzian jotzen dugu.
Frantziako Estatuan, gero eta gehiago langileen eguna eta Jeanne d’Arc-en omenaldia egun berean ospatzeko tendentzia nabarmen dezakegu; aurten bereziki. Lorrenako emazte borrokalari erdi mitikoak askatu zuen Orleans hiritik dator maiatzen ospakizuna egiteko ohitura hori, baina haren data hiri honetan ez zen oso zehatza. Frantziako egutegi ofiziala begiratzen badugu, maiatzaren hamargarren eguna finkatu da besta horrentzat. Frantziako telebistek egun hauetan adierazi digutenez, santu laikoa eta langileen errebindikapenak egun berean ospatuko ziren, FN-eko militante batzuk Jeanne d’Arc-en estatuaren aurrean egin duten ikuskizun erdi histerikoa lekukotasuntzat jotzen badugun neurrian. Hemen dakusagu Frantzia estatu laikoaren jazargo handi bat: klase borrokan jatorria duen gertaera bat eta nazionalismo atzerakoi eta erlijioan fundamentua duen beste baten uztartzen saiatzea.
Joan den asteko zundaketa batzuen aditu ondoren, Frantziako herritarren erdiak bost axola dio sindikatuen izateari; haien ustez ez dute eraginik langileen bizitzan eta bilakaeran; baina patronatuen existentziari buruz inkesta berdina egin balitz, nork daki zer izanen ote zen emaitza? Askoren ustez biak beharrezkoak dira klaseen arteko oreka baten edukitzeko, bestela baten edo bestearen diktadurapean eror gaitezke. Klase borroka iragan aldietako mamu zaharra delakoa ere hedatzen digute han eta hemen, hori Reagan eta Thatcher denboretako ondorio ezezkor bat delarik. Itxura desberdinaz agertzen bada ere, hor daude presente eguneroko bizitzan langilegoaren aurkako erasoak: langileen kopuruak murrizten dituzten enpresen bilketak edo saltzeak; egoera larrian omen diren enpresen bestelekuratzea; enpresa batek « zailtasunak » dituelarik hartzaile on bat atzeman beharra; baina azken kasu horretan ez ote litzateke barneko kudeaketa arazo bat izatea enpresaren behin behineko zailtasun hori? Orduan barnetik konpon ezin omen dena, zergatik beste batek horren egiteko gai litzateke? Hori da langileen bizkarren gainean mozkinik ez, baina probetxu gehiago egiteko bide ezkutatu bat. Helburu ekonomiko desberdinak dituzten giza taldeak dira klaseak; baina gaur egun ikusirik euren burtsa balioa emendatu nahi duten enpresen ugazabak eta eguneroko bizitzak eskatzen digun bizimodurik dezenteena eramateko beharra duten herritarrak badaudela, nola esan daiteke giza klaserik ez dagoela? Gezur galantak horiek guztiak.
Maiatzeko lehena iragan ondoren arrakastatsua izan ez dela esan ziguten Frantziako telebistatik: jende gutxi omen zegoen eta sindikatu bakoitzak berea egin omen zuen. Baina Baionakoa ikusita, gauza oso desberdina eta aparteko izan dela esan dezakegu. Mila bat pertsonak parte hartu zuen; sindikatu guztiak ordezkaturik izan ziren, baita ezkerraldeko alderdiak ere; eskuin muturreko Front National alderdia ez zen kalean, Frantziako leku askotan ohartu denari aitzi. Denetarik nabarmena BIZI-k prestaturiko karroza parea izan da. Abertzaletasuna, ingurumenaren babesa, ekoizpena eta langilegoaren nahia uztar daitezkeela erakutsi digute.