Peio Etxeberri-Aintxart Lapurdiko historialaria, idazlea eta argitalpen zuzendaria da. Elkar argitaletxean frantsesez argitaratu berri duen “Zergatik independentista gira Hernanin, eta Baionan ez ?” liburuaren haritik zonbait argitasun ekartzen dizkigu. Hego Euskal Herriak eta Ipar Euskal Herriak arlo politikoan dituzten bi itxura arras ezberdinen jatorria ulertzeko parada bat.
Nondik etorri zaizu horrelako liburu baten egiteko xedea?
Joan zen udan, Frantziatik bisitan heldu lagun batek hemengo aktualitate politikoaren berri eskatu zidan, bereziki jakin nahi izan zuen zergatik abertzaletasuna hain azkarra zen Hegoaldean eta hain ahula Iparraldean. Ohartu nintzen ez zela hain erraza gai hori modu xinple batez azaltzea, historia luzean zehar hainbat elementu sozial, ekonomiko eta politiko dantzan agertzen zirelakoan. Laguna Parisera itzuli ondotik, iduritu zitzaidan hemengo jendearentzat ere, liburu gai ederra bazela.
Zein dira gaur egun ezagutzen ditugun Estatu frantses eta españolak Estatu izaitera eraman dituzten fase ezberdinak ?
Lehen lehenik, oso garantzitsua da ulertzea Estatu-nazio baten sortzea ez dela big-bang antzeko zerbait, egun batetik bestera iragaten dena; prozesu luzea da, pixkanaka eraikitzen dena. Batzutan, batez ere Estatu frantsesean, iduri du nazio frantsesa betierekoa dela eta jendeak betidanik nazio horren parte izateko borondate amankomuna adierazi zuela. Baina ikuspegi historiko batetik eta erabilpen politikorik gabe, errealitatea ez da hain xinplea : nazio frantsesa ez da piztu, eraiki baizik, eta Estatu batek du eraikuntza hori bultzatu. Baina Estatua ere mende luzeetan eraiki zen, ez da atzoko kontu bat…
Beraz laburbiltzeko, erran nezake 3 fase nagusi badirela. Lehen fasean, goi-erdi aroko ehunka printzerri txikietatik errege Estatu gutxi batzuk inposatzen dira ; fase horretan (IX.-XVII. mendeen artean), Nafarroako erresumak porrot egiten du eta Frantziakoa zein Kastilla-Aragoikoa nagusitzen dira, besteak beste. Bigarren fasean, hainbat faktorek eragiten dute Estatu horietatik batzuk aski azkarrak bilakatzen direla beren « zentro » politikoak « periferia » guziak mendera ditzaten ; fase horretan (XVII.-XIX. mendeen artean), Estatu frantsesa azkar agertzen zaigu, Espainiako monarkia ahultzen delarik. Hirugarren fasean, Estatu azkarrek beren nazio ikuspegia erralitate egin nahi dute eta horretarako tresnak baliatzen dituzte ; fase horretan (XIX.-XX. mendeetan), aberri frantses handiak euskal aberri txikia iresten du, luzaz español aberriri ezak periferietako aberri proiektuei garatzeko aukera uzten dielarik.
Gaur egun Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren artean, arlo politikoan 2 itxura arras ezberdinak ditugu. Zerk esplikatzen du hori? Noiz dira bideak urrundu ?
Lehen-lehenik, Frantziako eta Espainiako Estatuen arteko mugak du Euskal Herria zatitu, puxkaka, erdi aroan zehar. Luzaz, muga arras teorikoa zen eta hemengo jendearentzat eragin berezirik ez zuen ; baina Estatu modernoaren eraketa eta batez ere absolutismoa indartzen hasi direnetik (XVII. mendetik aurrera), zerga-amaraunak eta kontrol administratibo eta militarrek Euskal Herriko bideak joanago eta gehiago urrundu dituzte. Baina urruntze nagusia arimarena izaten da, eta Iparraldeko euskaldunak nazio frantsesaren alde hiltzen hasi direlarik (Lehen mundu gerran batez ere), auzia lotua da.
Zergatik Euskal Herrian ez da paradarik izan Frantses edo Español Estatuan bezala « nazio ezagutu » baten bilakatzeko parada eta « Estatu-Nazio » bilakatzeko parada ?
« Historia ez bazen horrela gertatu, horrela baizik, emaitza hau izanen zen » nehork ez dezake segurta. Euskal Herria bilaka zitekeen erdi aroko Estatu hurbilena Nafarroako erresuma da (XI. mendeko Antxo handiaren garaian bereziki), zalantzarik gabe. Baina euskal Estatu-nazio bat bilakatuko ote zen? Nehork ez daki eta ez dugu sekulan jakinen, bide horiek hartu aurretik desagertu baita. Baliteke geroan Euskal Herria Estatu-nazio bat bilakatzea, baina historian izan den balizko parada bakarra Nafarroako erresumarekin galdu zen.