Arabiarren (zuzenago arabofonoen) ir-aultza horrek harritu gaitu, populu horiez ideia oker eta makurrak genituelakoz. Behin betiko deliberatua genuen demokrazia ez zela jende horientzat egina, edo berdin balio baitu, beren jite naturalez ezin zirela horretan sartzeko gai bilakatu. Grezia zaharrean sortu omen baitzen, han ere demokrazia ez zegoen arrotz “metekoentzat” (are gutiago esklaboentzat). Halaber Euskal Herrian, etxeko jaunentzat zegoen (nahiz oso txikiak ere bazeuden horien artean, de Lancre famatua lekuko): ez ordea agot, eremuts eta bohameentzat. Gainera oraiko kasuan, hor dugu zintzurrean kokatua islamismoaren beldurra, eta oro har, islamaren hastioa.
Gazte eskolatuen parte hartze handia
Baina hara, islamismoak ez du hainbat lekurik ukan, orain arte, Tunisia, Egipto eta Libiako mu-gimendu horretan: franko laikoa da. Azkenean ohartu behar dugu, berezkoak diren diferentzia batzuen gainetik (hizkuntza, kultura, erlijioa), jende horiek gu bezain “normalak” direla, guk gozatzen ditugun abantaila berdinak gozatu nahi dituztela: ondasunetan parte gehiago, justizia zuzenago bat, askatasuna mintzatzeko, biltzeko, bozkatzeko… Ez, inolaz ere ez daude gutarik anitz urrun, jende horiek ezin ditugu gehiago “aker pekatzailetzat” erabili, non ez garen osoki fede gaiztokoak, edo bertzenez Itsuak.
Berriemaile guziek azpimarratzen duten gauza nabaria da eskolatu gazteen parte hartze handia, eta mementoko horien buruzagitza ere, mugimendua horiek piztu eta laster antolatu baitute, komunikatzeko tresna eta bide berriei esker. Uste dut etsenplu ederra ematen digutela guri ere, europarrei, nahiz aberatsago garen eta Iibertate puska baten jabe.
Hemen ere tiranoak baditugu
Hemen ere tiranoak baditugu, ekonomia nahi bezala gobernatzen dutenak burtsatik, eta diruari esker politika ere hein handi batean bideratzen, alderdiak gantzutuz, hala beharrean politika gizon batzuk erosiz, gobernua hertsatuz eta hori xantaia eginez egunero, kapitala erbesteratuko dutela baldin eta delako gobernua ez baldin bada zintzoki jokatzen liberalismoaren bidetik, eta zernahi gisaz nahi dutena egiten dute merkatuaren arartez.
Zoritxarrez tirano anonimoak dira edo urrunak: ezin ditugu identifikatu heren munduan 30 edo 40 urtez denen bistako tronu gora batean dauden diktadore patriarkal, arkaiko, anakroniko, nonbait karikatural eta ubueskoak bezain errexki. Baina hemen ere sakonki mugitu beharra badugu, eta bereziki gazteek zer ikasia badute hangoenganik. Frankotan erraten da gastatuak direla, eta familian iduriz ez da gezur hutsa. Baina gizartea faltsuki maltzurki jokatzen da horiekin: hitz ederrez hantzen ditu, modernismoaren eta “progrès” famatuaren izenean, sudur puntatik erabiltzen, erreklamaz marka handiei beti gehiago erostera bulkatzen, baina lanik eta egoitzarik gabe uzten. Noiz arte?
Anartean Libiako jendearen gero hurbilaz arrangura handiak ditut, eta zinez kezkatzen nau: hainbeste gazte metraileta soil bat eskuan, he-gazkinen, tankeen, kanoien aitzi… Hegazkinak bederen ez ote lituzke isilarazi behar ONU erakundeak? Bertzela zertarako dugu balinba kitozkoa ez den eraikin erraldoi hori?