Euskal Herrian garai junta bat bizitzen ari garela nork uka lezake? Ha-markada dorpe bezain luze bat zeharkatu ondoren, potentzialitate berriak askatzen hasiak dira. Potentzialitateak momentuz, orria oraindik xuria delako. Segurua dugun gauza bakarra da atzean utzi ditugula ibilbide luzeko borroka mota bat, eskema estrategiko batzuk eta indar banaketa iraunkorra. Holako garaietan ez da iraganari tinki atxikitzeko momentua. Alderantziz. Zorabia eta zalantzak sortzen bazaizkigu ere. Alabainan egoera berriak denen ber kokapena eskatzen du, behartzen du.
Ondoko egun eta asteetan AB, Batasuna eta EA alderdien biltzar nagusiak iraganen dira. Bakoitzak etxeko lanak baditu bere gaitegian bainan galdera eta gogoeta komun frango ere badituzte. Etxeko lanak, zeren eta alderdi bakoitzak bere ibilbide propioa izan baitu, bere barne eztabaidak, bere garaipen eta huts egiteak, beste alderdien ondoan eta usu besteen araberan. Galdera komunak bestalde, 2011ko urte honen bukaeran, az-ken urteetako biltzar nagusietan ez bezala, alderdi bakoitzaren interesetatik at, proiektu abertzale ezkertiar osoaren bilakaera baitugu mahai gainean. Ezaguna da literatura militantean eszenatoki, bihurgune edo bidegurutze “historikoak” bezalako esaera pottokoak neurri kanpo erabiltzeko joera. Aldi honetan bederen ez da gehiegizkoa. Momentu berean, 3.000 lagun pasa, indibidualki edota kolektiboki eztabaidatu ondoren, arrakasta handia biltzen duen militanteen arteko inkesta betetzearekin, antzeko galderei erantzuteko ariketa egiten ari dira. Presioa beraz, momentua bezain inportanta.
Zein dira galdera horiek? Nora buruz joan nahi dugu hemendik goiti? Nola irudikatzen dugu ondoko hilabete/urteetako ibilbide politikoa, antolatzeko moldeak? Nola baliatu, hanka sartze nagusirik egin gabe, irekitzen diren aukera guziak? Gisa be-rean, nola erantzun politikoki Europa os-oa, Euskal Herria barne, harrapatzen duen dimentsio anitzetako krisia egoerari? Askotan pausatu ditugun problematikak eta ireki ditugun eztabaidak klase politikoan ere nagusitu dira. Sortu ditugun tresnei jendarteko sektore zabalek sustengua eta onarpena ekarri dizkiete. Nola lortu garaipen konkretuak ideien borrokan bataila frango irabazi ondoren? Eta bereziki funtsezko eta zentrala den ezagupen politiko-instituzionala? Nola kapitalizatu hautes-ontzietan ere gure proiektu abertzale eta ezkertiar berrituaren alde egunero militanteek egindako lana?
Ez dezagun joka hedabideek (tokikoek usu handienek bezainbat maleruski) markatzen duten “gai politiko inportanteen” agendaren araberan. Izan ere, eztabaida guziak ez dira maila berekoak. Lehenik eztabaida estrategikoak ditugu eta horietan norabide argiak trinkatu behar dira: ezker abertzalea ber konposatzeko eta behar bada birsortzeko aukerak badira. Har dezagun bidea, defini ditzagun urratsak denen artean, gure proiektu politikoa ahal bezainbat indartzeko. Azter ditzagun ondotik, taburik gabe, arloz arlo eraikitzen ahal ditugun indar metaketa zabalagoak. Erabaki horien araberan eztabaidatu eta trinkatuko dira eztabaida taktikoak (legebiltzarreko hauteskunde aliantza adibidez), lehengoak trabatu eta oztopatu gabe. Urtarriletik landa, epe motzeko helburuak kudeatzea bezainbat (2012ko hauteskunde sekuentzia besteak beste), lanean hasi beharko da epe ertaineko erronkei begira .