Ipar Euskal Herrian ere FN-k emaitza esangurasuak egin ditu lehendakaritzako hauteskundeetan. Frantses Estatuan baino guttiago segurik (%11 hemen eta %18 oro har) bainan 20.000 bozetara hurbiltzen da. 2007tik bere portzentaia doblatzen da Euskal Herrian bainan ez da ahantzi behar orduan Sarkozyk lortu zuela eskuin muturreko boz ainitz biltzea eta Le Penen emaitzak azkarki beheititu zirela. 2002ko emaitzekin konparatuz, %34ekoa da eskuin muturreko bozen gorakada Iparraldean (orduko Mégret et Le Penen bo-toak gehituz). Emendatze handienak Iholdi, Baigorri, Bidaxune, Hazparne eta Uztaritzeko kantonamenduetan gertatzen dira. Kantonamendu batetik bestera orain arteko alde handiak tipitzen dira eta FN aldeko botoa %9,2 – %14 artean kokatzen da lurralde osoan. Nortzuk dira hautesle ho-riek Euskal Herrian? Neke da hori jakitea, oraindik bozka “lotsagarria” baita FN-en aldekoa eta alderdiak ez baitu aparatu publiko handirik. Segur aski profila desberdinak atxeman daitezke horien artean, euskaldun peto petoak barne.
Datu horien aintzinean ezin da ez ikusiarena egin. Arazoa badugu Euskal Herrian ere. Beraz FN-en aldeko bozka aztertu eta bere mekanismoak ulertzen saiatu behar dugu. Inondik ere ez bozka hori justifikatzeko baizik eta hobeki borrokatzeko. Lehen itzulitik, FN-en botoari buruzko analisiak ugaritu dira prentsan eta internenten. Ekonomikoak, soziologikoak, psikologikoak, kognitiboak, politikoak, ainitzak
bezain desberdinak dira bozka horren azal-tzeko kausak eta zaila da neurtzea faktore bakoitzaren pisua. Krisia egoera eta honek sortu duen sufrimendu soziala aipatuak izan dira. Ezaguna da historian zehar krisia egoerek holako jokaerak sortzen ohi dituztela. Halere sufritzen duten guziak ez dute eskuin muturrean bozkatzen, ez eta urrundik ere, eta alderantziz horien artean ez dira gutti ekonomikoki hainbeste sufritzen ez dutenak. Soziabilitatearen desagertzea eta bakartasun soziala bizi tokian nahiz lan tokian aipu dira ere. Arimarik ga-beko etxe tipietako bazter auzoetan dira topatzen FN-ko hautesleak. Garai bateko harreman sozialen desagertzearekin indar handiago hartzen dute hedabide handiek zabaltzen dituzten estereotipoek, beldurrek, inseguritate sentimenduek edo nortasun krisiak. Etorkin bakar bat ikusi gabe ere, FN-en alde bozkatzeak “ez daitezela hona etor” erran nahi du. Nola ez aipa bestalde arrazoin politiko sakonak. FN-en aldeko bozka aspalditik dator. Hauteskundez hauteskunde eraikia izan da, sendotu eta normalizatu da. Nola ez ikus, funtsezko alternatiba politikorik gabeko egoera iraunkorraren umea dela. Gobernamenduen koloreak noiztenka aldatuz joan dira azken hamarkadetan bainan eramandako politikek berdintsu jarraitzen dute. Eta nola ez egin lotura zuzenik FN-en aldeko bozka eta azken 5 urtetako Sarkozyren diskurtso eta politiken artean? Jendarteko sektore batzuk besteen kontra jarri ditu etengabe, populazioa batzuk publikoki salatuak izan dira, lanik gabekoak eta la-guntza sozialaren profitatzaileak bezala. Edozoin seguritate arazo berehala erabili du eta gauza bera, musulman gutti batzuen gehiegikeriekin. Etengabe eta sistematikoki FN-en ideien ildoa jorratu dute presidenteak, gobernamenduak eta UPM alderdiak. Frantses Estatua, Estatu post-koloniala izanik, ezaguna da bestalde bere jendartean (Iparraldea barne) lehengo kolonizatuekiko arrazismo fondoa dagoela.
Nola borrokatu FN-en gorakada? FN be-zain eztabaida zaharra. FN-en aldeko bozka parte batez ideologikoa da bainan nagusiki protesta botoa da. Bien kontra errezeta sinplerik ez da. Deabrutua bada, protesta funtzioa ederki betetzen du. Bainan “normala” bihurtzen bada okerrago. Ez da segur deiadar moralak edo gurutzada antifaxistak emankorrak eta nahikoak izaten direnik. Irainak eta mespretxuak ere ez. Alderantziz, publizitate merkea egiteko arriskua egiazko da. FN-en aldeko botoa panorama politikoan instalatua da luzerako, Iparraldean ere bai. Bere inplantazioa, normalizazioa saihestu beharko dira,
hedatzen dituen ideiak egunez egun borrokatuz. Historikoki horren kontrako mobilizazioak antolatu dituzten abertzaleek badute zer egin: haiei esker bereziki, oraino aberatsak dira soziabilitate mekanismoak Euskal Herrian eta belaunaldi berriei “nor garen” galdeari erantzun baikorra badute, irekia, integratzailea eta elkartasunean oinarritua.