Xabier Letona Biteri - ARGIA.EUS-etik - Oso leku gutxitan irabazi ditu PSOEk hauteskundeak estatuan, eta horien artean dago Hego Euskal Herria. Lurraldeka, gainera, Araban eta Nafarroan ere bai. Baina diputatu gehikuntza Nafarroa eta Gipuzkoatik etorri zaio, horietan eserleku bana irabazi ditu eta, bietan Sumarren kaltetan. Boto sarekada handiena Bizkaian jaso du: 35.000 bat boto.
Bigarren irabazle handia EH Bildu izan da: udal eta foru hauteskundeetako haize boladari eutsi dio, diputatu bat irabazi eta 40.000 bototik gora gehiago batu. Aurkako abagunean dago EAJ, azken hauteskundeetako joera txarraren lorratzean, bi eserleku galdu baititu, non eta bere erresuma nagusian, Bizkaian. Berriz ere 100.000tik gora galdu ditu, eta horietako asko PPra joan zaizkio. (...)