Nehori ez zaio eskapatu egoera politikoaren aldaketarekin 2000garren urtean Udalbiltzaren zatiketa eragin zuten arrazoiak desagertuz doazela. Pasa den larunbatean Iruñean iragan da Udalbiltzaren ibilbidea oroitarazteko eta 8 urteko borroka judizialean izandako laguntzak eskertzeko ekitaldia. Karia horretara Udalbiltza berriz sortzeko deialdia luzatu dute antolatzaileek. Igandean bertan Joseba Egibar jeltzaleak nahiz eta bezperako alde bakarreko iniziatiba kritikatu, zera zioen Berrian: “…Udalbiltzaren inguruan hitz egin beharko dugu ezker abertzalearekin zer egin…” Alabainan gogoetarik egin gabe, tarrapataka abiatzea okerra litzateke. Alderantziz egoera berriak zenbait galdera pausatzeko parada emaiten du. Lehena sinplea da: Udalbiltza ber sortzea aipatzearekin zertaz ari gara xuxen? Ebidentziak eta gure segurtamenak kuestionatu behar ditugu, ez dezagun iraganekoa errepika, gerorako balio duela demostratu gabe.
Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu, bere egituraketa politikoa eraikitzen lagundu, Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak bultzatu hainbat alorretan eta nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adierazi, hauek ziren 1999an Udalbiltzaren hasieran finkatu helburuak. Ongi, bainan lelo eta sinboloetatik haratago zer? Euskal lurralde desberdinen egoera eta nahita nahiezko ibilbide asimetrikoari koherentzia emateko balio beharko du Udalbiltzak. Erakundearen izaera, funtzioak eta osaketa pragmatikoki eta ez soilik ideologikoki gogoatzekoak dira. Hasteko borontatearen eta ez legediaren gainean, oinarritutako erakunde baten gaitasunak eta mugak ongi pisatu beharko dira. Abertzaleen bihotzak berotzen dituzten meza handiak ontsa dira bainan urrunago ikusi beharko da. Legezko erakundeen ondoan zer funtzio beteko du: akuilua izan edota horien alternatibaren lehen urratsa? Diru laguntza osagarriak eman ala haiek betetzen ez dituzten funtzioak hartu? Gisa berean berez euskal nazioaren adierazpena izanik ere, hautetsi abertzaleen bilgunea izan behar da soilik? Bestela, nola segurtatu benetan Euskal Herriko hautetsi guziei sartzeko gomita hutsetik haratago, bertan parte hartzeko beste sektore batzuen interesa eta bermeak? Iparraldetik ikusirik Herrien biltzarraren esperientzia badugu bere muga guztiekin. Ez ote da ha-sieratik lotura zerbait pentsatu behar bi egituren artean?
Eszisiotik landa erakunde bakoitzak bere ibilbidea segitu zuen, bakoitzak ekimen propioak garatuz. Ezker abertzaleak sustaturiko egiturak nazio baten aldarrikapenari eta bere ezaugarriak indartzeari eman zien lehentasuna. Halere bide guztiak moztuak izan zituen Madrilek debekatu ondoren eta bere hainbat kide presondegiratuz. Beste adarrak, Udalbideren bitartez urtez urte eta orain arte diruz lagundu ditu ekimen, egitasmo eta elkarte frango. Dirua bildu eta berbanatzea, hots euskal lurraldeen arteko nolabaiteko mutualizazioa antolatzea garrantzitsua da. Bainan krisiaren ondorioz segur ote da aberatsenek, Hegoaldeko udalerriek, nahi be-zainbat diru baztertzen ahalko dutenik elkartasun fondo bat hornitzeko?
Hautetsien parte hartzea dugu aztertzeko beste puntu bat. Sinbolikoa, urteko biltzar nagusian ala gehiago eta nola? Adibidez, errealista da herriko kontseiluetan, herri elkargoetan eta hainbat sindikatan ere buru belarri parte hartu behar duten Iparraldeko hautetsiak nazioa mailako Udalbiltza bezalako egituran inplikatzea? Ez ote da probintzia bakoitzeko hautetsien kolegioak osatu eta Udalbiltzaren funtzionamenduari lehentasuna emanen dioten ordezkariak izendatu be-har?
Eta bukatzeko Udalbiltza izena beti egokia dea? Alde batetik 1999ko haria berreskuratuz legitimitate historikoa biltzen du bainan iraganeko gatazka, ibilbide eta interpretazio desberdinak kontutan hartuz ez ote da gaur egun eta geroari begira behar dugun tresna eraikitzeko oztopo izanen? Galdera guzti horiek eta beste asko mahai gainean ezartzeko tenorea da, indar politiko guztiek herrialdeetako ikuspuntu guztietatik gogoetatu eta erantzun dezaten. Gaia sobera garrantzitsua da presagatik edota protagonismoagatik aukera izorratzeko. Apustu estrategikoa da eta balio du denbora pixka bat “galtzea” gauzak ongi et txukun egiteko.