Frantziako gobernu berriak zer saltsatan janen ote gaitu? Bertze frankok bezala, Sarkozyren aitzi bozkatu dut. Haatik presidente berriarenganik ez nuen gauza handirik igurikatzen euskal lurraldearentzat. Maluruski uste dut ez naizela tronpatu, eta gainera badut beldurra instituzioneak irauli barik ematen ahal ligukeen apurrak ere huts eginen digula. Vallsen uzkerrak uste gabekoak ote dira, kexu bulta batean oihuarekin eskapatuak? Ez ote dute tripako min gorago bat salatzen? Euskaldunei deusik ez emateko delibero gorena?
Nork ahantz dezake Mitterrand hautagaiak 1981ean Ipar Euskal Herriko departamendua hitzeman zigula, eta laster Mitterrand presidenteak hitza jan? Eta ni, zahar guziak bezala, urrunago noa denboran barna, gi-belera behatuz, gaztaroko urteetaraino. Oroitzapen handi bat badut hor, oso mingarria: nola 1955 ondarreko deputatuen bozketan, Guy Mollet SFIOko aintzindaria, ezkerreko hautagaien buru aurkeztu zen, Aljerian bakea eginen zuela hitzemanez, eta nausitu. 1956 hasieran gobernuburu izendatu zuten, eta laster zer egin zuen? Gerla zabaldu eta gogortu, soldaduzka egin behar genuen gazte guziak Aljeriara bidaliz, dela zuzenean, dela denbora erdiz; eta lege horrek iraun zuen agintaldi horren ondotik, 1962ko bukaeraraino. Horrela ene biziko 27 hilabete galdu nituen Aljerian, ne-hori zerbitzurik egin gabe, baina bertze batzuek dena han utzi dute.
Oroitzapen gaiztoak berpiztuz, zer egin nahi dut? Kontu zakarrak zuritu? Ez hori soilik.
Funtsera joanez, hau dut aditzera emango: frantses alderdi sozialistak dohain berezi bat baduela bere bozemaleei tarteka bizkarrez itzultzeko, eta bere oinari tiro egiteko. Nolaz da horrela gertatzen? Uste dut Frantziako Iraultzatik bi alderdi nagusi ba-daudela, eskuina eta ezkerra zeiharkatzen dituztenak: jakobinoak eta jirondinoak. Eta jirondinoak gehiago direlarik ere, jakobinoek azken hitza lortzen dute beti. Zergatik ote? Aho handi batzu direlako, Valls bezala? Ez bakarrik.
Estatu burgesia bat badago Frantzian, indartsua, ideologia zurrun baten jabe. Goiko funtzionariek osatzen dute. Horiek ma-natzen dute alderdian eta Errepublikan. Frantzian dena gainetik dator, Colberten eta bi Bonaparteen denboretan bezala. Pekoek ez bide dakigu deus, goikoenganik ikasi behar dugu, eta kito! Estatuak eternitatea, edo kasik, bere alde du, pekoek ez ordea: denboraren poderioz higatzen gara, eta goikoek hori badakite, zain egotea dute.
Euskaldunei deus ez bazaigu etortzen gain hartarik, zer egin beharko dugu? Ez higatzera egon, ez etsi, aitzina joan, zerbait berri asmatuz. Guti gara, baina gune estrategiko batean kokatuak: Iberiako ate nagusia sudur pean dugu, LVG horren auzian ikusten dugun bezala. Haatik arma potentzial horretaz baliatzerakoan arrisku bat badago: boztizkeriara lerratzekoa, eta hori haien zepoan erortzea litzateke. Beraz bortizkeria osoki bazter utzi behar dugu, denez gainetik pertsonen aurkako bortizkeria oro.
Bertze aterabide bat, biarnesen iratzartzea, Biarnoren alde mugi daitezen azkenean. Uste dute gaurko egitura beren aldekoa dutela, baina horretan oker dabiltza: uztarri bat da bi populuentzat, elgarri zurrunki loturik atxikitzeko egina, ber ildoan xuxen ibiltzera behartuz biak ber urratsean. Noiz eta nola ulertu behar dute?
Erresistentzia zibil baten asmatzea ez da erratea bezain errex. Baina badut beldurra holakorik gabe nekez atera gaitezkeela Terrore denboran asmaturiko etnozidiotik.