Politikan dabilenak ekilibrista lanak egin behar izaten ditu, maiz; bereziki akordio politikoa bilatu nahi denean. Adostasunak nekez eraikitzen dira, eta aise suntsi daitezke: aski da harrixka bat mugitzea, etxe guztia erortzeko.
Errazagoa da kalapita, bakoitza berean tinko egonez. Urte anitzetako elkarrizketen eta pazientziaren emaitza izan da azken urteetan Ipar Euskal Herrian izan den adostasuna, erakunde baten alde. Haize ufada gogor batek jo zuen, ordea, Paris aldetik, eta harrizko etxe hori azkarki inarrosi, Vallsen ezezko irmoaren eta prefetaren proposamenen ondotik.
Oreka galtzeko heinean egon da batasun zabal hori. Orain egokitu da hiri erkidego edo herri elkargo handi horri baiezko erantzuna ematea, oreka ez hausteko; beti ere, Lurralde kolektibitatearen helburua jomugan atxikiz.
Bistan da, erabaki horrekin ez ziren uxatu nahi abertzaleak ez direnak. Baina orekak krak ez egitekotan beste muturrekoak ere goxatu nahi izan dira. Xede horrekin, batzuk hasi dira esplikatu nahiz hiri erkidego hori izan daitekeela biharko erakunde autonomoa.
Batetik, departamenduak desagertzera doazelako, omen, nahiz eta Frantziako Senatuak berriz ere berretsi duen departamenduenganako atxikimendua.
Bestetik, gutxietsiz Lurralde Kolektibitatean “tematzen” direnen jarrera.
Gauza bat da herri elkargoen antolaketari buruz erabaki bat hartzea, gai horretaz ere erabaki behar baitzen. Baina nekez sinetsaraz daiteke Frantzia jakobinoak Ipar Euskal Herriaren eskura utziko duela tresna bat, herri honi autonomia eman diezaiokeena epe luzera.
Ezin uka eskura dauden tresna guztiak erabili behar direla, boterea lortzeko bidean. Haatik, Lurralde Kolektibitatearen alde manifestazioak egiteko garaia bukatu den bezala, garbiki erran behar da bere arriskuak dauzkala oreka baitezpada mantendu nahi izateak, bereziki prefetaren asmoetara egokitu behar bada.
Eguneroko dinamika politikoan sartua denak informazio guztiak eskura dauzka, oreka horren korapiloak ulertzeko, hautu bakoitza esplikatzeko. Politika urrunxeagotik segitzen duenak zailtasunak dauzka ñabardura guztiez ohartzeko, sukaldean gertatzen dena, gehienetan sukaldean gelditzen delako. Ez dauka horregatik interes gutxiago sukaldetik kanpo daudenen begiradak, eta aberasgarriak dira haien gogoetak egoera politikoaz, edota iritziak hautu politiko, taktiko edo estrategikoez, denen ikuspegiarekin aberasten eta aitzinatzen baita herri bat.
Bakoitza bere arloan ari da zerbaitetan, eta arlo eta toki bakoitzatik gauzak gisa batera edo bestera ikusten dira. Eta oreka zaintzea ez da bakarrik politika arloko oreka zaintzea, oreka politiko batek beste gisako desorekak sor ditzakeelako.
Azken hogei urteetako dinamika pragmatikoan, aitzinamenduak egin dira. Horietatik bat da Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren onarpen zabala.
Baina dinamika hori bihurgune batera heldu da. Merezi du balorazio sakon bat egiteak, ikusteko ea, aitzinamenduez aparte, mugak eta gibelatzeak ere ez diren izan.
2015ean, frantses alderdiak hurbildu dira gehiago abertzaleen posturetara, ala frantsesek abertzaleak epelarazi dituzte gehiago?
Zein norabidetan mugitu da soka? Departamendu hauteskundeak aukera onak dira oreka batzuk hausteko (behin behinean bederen) eta beste batzuk sortzeko: ozen eta ahalkerik gabe adierazteko abertzaleen proiektua Euskal Herri batu eta independente bat lortzea dela. Eta bide horretarako estrategia ezin dela izan Frantziari eskatu eta eskatu ibiltzea, ororen buru nahi ez den hori onartzeko.
Laborantza Ganberaren ereduari jarraiki, proposamen berritzaileen tenorea da. Eta sokaren bestaldekoek argi dezatela zenbateko lehentasuntzat daukaten Ipar Euskal Herriaren egituratze hori.
Eneko,
Galdera ona azaltzen duzu. Desberdinki pausatuko nuke halere:
Ene iritzia ikus zinezake orrialde hortan:
kolaboratu, bere burua konprometitu, baita ere ideologiko garbitasunatik eta berdinen artekokeria ihesi behar da.
Zure galderarekin bat egiten dut. Ene ustez, abertzaleak hurbildu dira biztanleengana, baina horrek ez du baitezpada eragin jendea abertzale bihurtzea.