Otsailaren 9an, euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen duen Plazara elkarteak bere lehen biltzar nagusia antolatu du Arbonako Arantzola etxean. Biltzar idekia eta publikoa, supazterreko giro goxoan. Hara horren berri.
2024ean, Plazara elkartea Europa mailako kooperatiba bilakatuko da. Eraldaketa hori burutzeko, Biltzar Nagusi berria antolatuko dugu urrats hau kolektiboki egiteko. Hori aitzin, udaberrian zehar Plazakideak gomitatuko ditugu proiektuan parte hartzeko formak eta moldeak elkarrekin aipatzeko.
PLAZARA
Ez dugu baitezpada data hoberena hautatu gure lehen biltzar nagusia finkatzeko: libertimendu, ate idekitze, beste eragileen biltzar nagusi, Marrazkirri, ihauteri, Korrika kulturala… Azken 15 hilabeteetan inguratu gaituzten lagun askok jakinarazi digu tamalez ezingo zutela gure artean izan ostiralean.
4 puntu nagusi jorratu ditugu elkarrekin:
Zer egin dugu, konkretuki, 2023an?
Zein dira 2024eko proiektu nagusiak?
Nola parte hartu daiteke Plazara proiektuan?
Zer dira bakoitzaren terrenotik ikusten diren erronka eta beharrak?
Trukaketa momentu interaktiboa
Bi orduz, Plazara-ko kideen aurkezpenak eta parte hartzaileen galderak tartekatu dira.Proiektuaren hauskortasuna eta prekarietateaz aparte, egindako bidea eta datozen hilabeteetako erronkak izan dira interes gehien piztu duten punduak.
Lehen 12 hilabeteetako aktibitatea harrigarria da: 57 formakuntza animatu ditugu, 71 eragilerekin lan egin dugu (%72a elkarteak dira), 197 bazkide bildu ditugu eta mundu mailako 18 hizkuntza eragilerekin trukatu dugu. Aurten, gure bi proiektu nagusiei bultzada berezia eman nahi diegu:
- “Ongi etorri euskararen munduetara” sentsibilizazio estrategia partekatua.
- Hizkuntza eragileen arteko lankidetza.
Horren baitan kokatzen dira, besteak beste: Baionako lokala, Euskara teknikarien eskola, Xare jardunaldia, Sektore sozioekonomikoa euskalduntzeko plana, Webgune erreferente baten sorrera, mundu mailako harremantzeak…
Paraleloki egiturak laguntzen segituko dugu, euskara erdigunera ekartzeko 4 lan ardatz uztartuz:
Komunikazioa: itzulpen, kanpaina, euskarri sortze.
Formakuntza: deskubrimendu, tailer, ahalduntze.
Aholkularitza: euskara plan, aholku, ikerketa.
Antolaketa: ekitaldien antolaketa, ekintzen obratzea, lankidetza sustatzea.
Lankidetza berriak
Orain arteko partaidetzak indartu eta eragile berriekin lan egiteko gogoa adierazi dugu baita ere. Euskal Herri mailan, euskalgintzako eragileen arteko sinergiak indartzen ibili nahi dugu, espazio desberdinetan presente izanez (Euskal konfederazioa…) eta proiektu konkretuak eramanez hurbil ditugun egiturekin (Garabide, UEMA, EMUN, Soziolinguistika klusterra, Euskarabentura, Topagunea, UEU…).
Aurten, ideia berri eta ero andana badugu obratzeko. Harriz harri eta hariz hari, eraiki eta ehunduko dugu euskararen herria.
Mundu mailan, Hego Ameriketako ekintzaileekin lan egiten segituko dugu Garabideren bidez eta Amazighekin hasitako lanari jarraipena ere emango diogu. Azkenik, integratu berri dugun kontsortzio baten baitan, Erasmus+ programari esker Europa mailan ere kokatuko da Plazara aurten.
Datozen hitz orduak
2024ean, Plazara elkartea Europa mailako kooperatiba bilakatuko da. Eraldaketa hori burutzeko, Biltzar Nagusi berria antolatuko dugu urrats hau kolektiboki egiteko.
Hori aitzin, udaberrian zehar Plazakideak gomitatuko ditugu proiektuan parte hartzeko formak eta moldeak elkarrekin aipatzeko.
Plazaratik, milesker handi bat hurbildu direnei, pintxo goxoak sukaldatu dituzten lagunei eta egunero urrats bat urrunago joatea ahalbidetzen gaituzten xinaurri ttiki guziei.
Urrunago joateko:
Aurkezpena: Prezi diaporama
Txostena deskargatu hemen: PLAZARA Biltzar nagusia (diapo)-2