Aurtengo Maiatzaren Lehenaren ezaugarri haundiena izan da Euskal Herri osoan milaka lagun bildu dituzten mobilizazioetan lan munduko prekaritatearen gaitzestea eta haren ondorioen azpimarratzea.Baionako desfilean, 450 aberatsek desfilatu dute El Khomri legearen sustengatzeko, ezohizko lemak lagun, Valls-Hollande-Macron gobernuari eta haien munduari, opari pozoinatu bat eskainiz.
Iturri ezberdinen arabera 1500-2000 pertsonen parte hartzea izan da du Baionako Maiatzaren Lehenak . Iparraldean beste elgarretaratzeak ere bazirelarik Donibane Lohitzune eta Maulen. Baionako desfilean parte hartu dute besteak beste CGT, FO, FSU, Solidaires, UNEF eta LAB sindikatuek edo Collectif jusqu’au retrait eta Bizi ! mugimendua bezalako beste jendarte eragileek.
Hain xuxen ere Bizi! euskal mugimendu altermundialistaren deiaren haritik 450 pertsonatik goitik desfilatu dute El Khomri-ren legea eta Hollande-en gobernuaren politika sustengatzeko aberatsen manifan, Baionako karriketan Maiatzaren Leheneko ohiko manifestaldiaren barnean.
Aberatsek idekitzen zuten bereziki animatua zen jende lerro bat, bertan aldarrikatzen zituztelarik martxan den lan legearen erreformaren eta gobernuaren politikaren sustengatzeko arrazoin guziak. Eramanak ziren pankartak eta oihuka errepikatuak ziren lemak nahaskeriarik gabekoak ziren : « Smic-ik & Assedic-ik ez, ez dugu fitxik ordaindu nahi! » ; « Lan gehiago, jada dutenentzat, aberastasun gehiago, jada ainitz dutenentzat! » ; «Bankariekin, elkartasuna!» ; « Funtzionario guttio, milionario gehio ! » ; « 32 euroko asteari, BAI! » ; « Ezkerrari bai, eskuinekoa delaik! » etab.
Ondotik Macron eta konpainiak marrazten duten jendartea sinbolizatzen zuen galera bat zetorren, miliardunetaz amestuz, errealitatean milioika galera arraunlari lan ttipi eta prekarioetarat, lan baldintza gero eta gogorragoetarat edo perspektibarik gabeko langabezia masiborat kondenatzen dituena.
Horren gibeletik, Bizi!ren ikurriñek manifestari jende multzoa kolorestatzen zuten, denek gaitzesten zituztelarik aintzinean desfilatzen zuten izigarri-aberats horiek eta berek funditzen dituzten oreka orokor sozialak eta planetaren oreka ekologikoa. « Langabeziaren kontra, lana partekatu ! Miseriaren kontra, aberastasuna partekatu ! » oihuak lagun, manifestariek deitzen zuten ez amor emaiterat eta mobilizatua egoiterat El Khomri lege proiektua osoki kendua izan arte.
Aberatsen desfileak bi geldi une sinboliko ere egin ditu HSBC eta Société Générale-en Baiona hiri guneko agentzietan bertan kantatzeko frantses kantu famatu arramoldatua «Denak joanen gira paradisu… fiskalera ! Denak joanen gira Panamara !».
Bizi !ren manifestaldia ondotik joan da Tonneliers karrikara, Baionan Ttipian eta bertan amaitu da zintzur bustitze batekin non « aberats » eta pobreak bildu diren eta bazkari herrikoi haundi batean parte hartu.
Hegoaldean
Milaka pertsonek -8.000 baino gehiagok- parte hartu du Maiatzaren Lehena ospatzeko ELAk Bilbo eta Iruñean antolatu dituen ekitaldietan. “Gehiago balio duzu. Erreformekin eta Estatu mailako akordioekin, prekaritate eta pobrezia gehiago” lelopean ospatutako ekitaldietan lan erreformak eta estatu mailako hitzarmenak prekarietatea eta pobretasuna ekarriko dutela salatuz. Hots, enplegu duina eta justizia soziala aldarrikatzea maximalismoa denez azpimarratzeko parada.
LAB Sindikatuak bere aldetik Euskal Herri osoan antolatuak zituen ia 20 bat elgarretaratzetan milaka langile karriketara aterat ditu inposatua den prekaritatearen kontra. Karia hortara azpimarratu da egoera honek baduela alternativa bat : Elite ekonomiko eta polikoek ezarri proiektua baztertu eta langileek beren bidea egitea, antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna erakutsiz.