Duela urte batzu, astekari honek pairatu behar zituen kritikak abertzale munduan ziren « tenpluaren zaintzale » batzuengandik. Hitz gogorrak entzun dira ere garai batean, borroka armatuaren trebesak edo emaitzak zalantzan ezartzen zirelarik Enbata-Alda-n argitaratuak ziren artikulu edo iritzietan.
Dudan egon naiz klixkalari gisa holako iritzi bat plazaratzeko denboran.
Bainan, bizi dituztan bi « gertakariek » gustu gazi bat baizik utzi didate mihiaren punttan, ausartzen naiz beraz idatziz erraiten.
Lehen elementua izan da ezkerreko abertzaleek hauteskundeen denboran idatzi edo erran ez dituzten gauza batzuekin. Presoen oihartzuna ahula izan baita irakurri dituztan kainpaina denborako plaketetan edo bilkuretan. Ez ditut kritikak egiten egina izan den lanari buruz bainan abertzale eta gizaki gisa, nere buruari galdera pausatu diot: zoin da presoen lekua prosesu berrian?
Azken galdera hau lotua da ere Bagoaz ekimenakari euskal irratietan pasatu diren emankizunak segitu ondotik. Lekukotasun hunkigarriak entzun dira, usaian bezala presoen senideek ezagutzen duten egoera entzunez bainan partikulazki ze motako mezuak adierazten ziren, batzuetan ezezkorrak zinez eta gustu gazi batekin itzaltzen ahal zen irratia.
Presoek eta heien familiek bizitzen dituzten garaiak gogorrak dira, betidanik ezagutu dituzten baldintza latzak segitzen baitira bainan senditzen zen batez ere euskal gizartearekin duten edo ukan behar duten lotura galdezkatua dela edo ahultzen dela ere. Prosesu berriak ideki duen bidean, iduri luke presoek ez dutela treina hartu gizarteak eta abertzaleek merezi duten lekua eskaintzen ez baitakote.
Astekari honetan, badu aspaldi iritzi andana batek bide berri bat ideki behar zela Euskal Herrian aipatzen duela, presoen aldetik, urratsak eginak izan dira (egin behar zirenak noski), gizarteari da orain urrats hauek gauzatzea elkartasun zintzo eta aktibo bat bultzatuz; ainitz eman duten jendeek beren lekua ukan dezaten euskal gizarteak hartzen duen bide berrian.