ELA Sindikatuak bere XIV. Kongresua eginen du, ekainaren 15 eta 16an, Bilbon. Datozen lau urteentzat sindikatuaren norabideak finkatzen dituen hitzordu horren karietarat, Manu Robles-Arangiz Fundazioak antolatzen du hitzaldi berezi bat, ostiralean, ekainaren 2an, arratseko 19:00etan, Baionan, 20 Cordeliers Karrikan. Gaualdi horri esker parada ezin hobea izanen da Hego Euskal Herrian gehiengoa duen, alderdi guzietarik independentea, abertzalea eta borrokalaria den ELA Sindikatuak Euskal Herrian prozesu soberanistari buruzu duen ikusmoldearen ezagutzeko. Xabi Anza, MRA Fundazioaren Lehendakaria eta Jose Elorrieta 1988tik 2008a arte ELA Sindikatuaren Idazkari ohi izana, eta « Una mirada sindical contracorriente » liburuaren egilea gaualdiko hizlariak izanen dira. Jarraian atxemanen dituzue Jose Elorrietak egin azken elkarrizketa batzuren pasarteak.
Neoliberalismoa borrokatu beharraz ari zara, baina Euskal Herrian, adibidez, ELAren eta LABen artean ez dago aliantzarik.
Ez dute, ez. Beharrezkoa eta derrigorrezkoa da.
1990eko hamarkadako aliantza hura oroitzen duzu liburuan.
Burutu gabeko lana dut gogoan. Segur aski, ELAn eta LABen, garai hartan, boluntarismo handia zegoen, eta horrek azaltzen du zergatik ez genuen lortu emaitza gehiago. Hori ez diot besteari errua egozteko. Liburuaren bukaeran galdetzen dut zer gertatuko zen aliantza estrategikoa gauzatu izan balitz, nola egongo ginatekeen orain. Ez da erraza bion arteko bat egitea. Kultura desberdinak ditugu, egoera soziala eta sindikala aztertzeko era desberdinak, kultura organizatibo bera ez.
Beste « entsegu » bat nahi duzu.
Bai, baina esandako hori kontuan hartu behar da.
Zein da eragozpen nagusia?
1990eko hamarkadan ETA zegoen, eta hura zen ENAMen abangoardia. Gaur egun, hurbiltasun estrategiko baterako, baztertu egin behar da Sorturen planteamendu instituzionala, eta onartu dialektikoki borroka instituzionala eta masa borroka, eta bakoitzak bere askatasuna daukala, bere autonomia, nahiz eta une batzuetan kontraesanak sortuko diren. Nafarroan, adibidez, ikusten da dagoeneko hori; zorionez, ELAk eta LABek azterketa bateratu eta kritiko bat egin dute, gobernuaren gauza batzuk salatuz. Hori da askatasun sindikala izatea politika instituzionalaren aurrean. Nik uste dut Sortuk eztabaida hori egin gabe daukala.
Ezker abertzaleak berak erabaki du Sortu izatea euren mugimenduko « erreferentzia politikoa ».
Ikusten da ENAMen estrategia politikoa Sortuk ezartzen duela, eta LABen eta Ernairen egitekoa, euren arloan ardurak hartzeaz gain, proposamenak egitea dela. Sozialdemokrazian, Frantziako eta Italiako komunisten artean, Brasilen edo Hegoafrikan estrategia politikoan sindikatuak alderdiarekiko menpekotasuna duenean zer gertatu den aztertu dut liburuan. Sindikatua egoera horretan galtzailea da, eta, okerrena: aldaketa geldiarazi egiten da. Sorturen praktikan lehentasuna arlo instituzionala da, eta, nire ustez, hori da oztopo nagusia ELA-LAB aliantza bat egiteko.
Liburuan kritiko ageri zara sindikalismo klasikoak generoa, ingurumena eta multikulturalismoa jorratu dituen moduaz. Zein leku dute gizarte mugimenduek burujabetza sozialaren bide horretan?
Asmatu beharko da generoa, ingurumena eta multikulturalismoa lantzen dutenekin edo gainerako gizarte mugimenduekin zer nolako aliantzak egin behar diren zehazteko. Aliantza politiko horiek guztiak ondo jostea ezinbestekoa da, kontua da nola. Eta kontua ez da sindikatuak esaten duena egin behar dela, baizik sindikatuak askatasuna behar duela pentsatzen duena esateko eta egiteko. Edozein modutan argi izan behar dugu borroka dela aliantza horiek josteko biderik eraginkorrena, gizartea aldatzeko borroka ezinbestekoa dela. Borroka deslegitimatzeko neoliberalismoak “antisistema” kontzeptua erabiltzen du gero eta gehiago: bada bai, sistema honen aurkakoak gara eta indar harremanak aldatu nahi ditugu.
Idatzi duzu: prozesuko « lehen etapan behintzat EAJrik gabe ».
Egoera baldintzatzeko ez bada lortzen ezkerretik indar metaketa bat, ez dago prozesurik. EAJk ez du nahi prozesurik; PSOErekin eta PPrekin homologazioa lortzea nahi du. Ortuzarrek esan du estatuaren proiektua egituratzen lagundu duen indar bat izan dela EAJ, eta eredu berrian toki bat izatea aldarrikatzen duela. Oso garbi esan du. Gainera, badago beste arazo bat: daukan eredu neoliberalagatik ez da erraza EAJrekin indarrak biltzea. Orduan, fase honetan, hortik ez daukagu biderik. Baldintza berri batzuk lortzeko indar metaketa bat egin behar da beste eragile batzuon artean.
Eragile « neoliberalik » ezin al da egon lehen etapa horretan?
Planteamendu neoliberala hegemonikoa bada prozesu nazional batean, ez dago prozesu nazionalik. Neoliberalak egotea prozesuan? Ez dakit, hori beste eztabaida bat da. Baina hegemonikoa izatea planteamendu neoliberala, hori ez. Nola ikusten da neoliberalismoa hegemonikoa dela egun? ENAMek esaten du EAJrekin herri akordioak edo akordio historikoak nahi dituela. Baina ikusten da ez daudela baldintzak horretarako.
Prozesu subiranista hasi, ezkerretik, beraz. Hala diozu.
Lehen etapa ezkerretik indar metaketa lortzea da, ikuspuntu berri bat sendotzea eta gizarteratzea. Gero, praktika bat, eta, horren arabera, hutsuneak ikusi, agenda aldatu liteke eta abar. Teoriko batzuek esaten dute gertakariaren zain egon behar dela. Ez! Prestatuta egon behar duzu gertakaria datorrenerako. Aurretik egin behar da lana, lurraldea okupatu, aliantzak sendotu… Ezkozian prozesua ezkerretik egin dute, baina han lan hori duela mende laurden bat-edo hasi zuten, eta, gero, Erresuma Batuaren krisi ideologikoaz ere baliatu dira.