Zaila da kalifikatibo bat aurkitzea Espainiako gobernuan agintzen duen Rajoyen gobernuak bultzatu nahi duen aborto legea definitzeko. Jakinez gobernu kontserbadoreak gehiengo parlamentari nahikoa duela, duda gutti da legea ez dela bururaraino joanen eta bozkaturik aterako dela azken finean. Ikusita zer nolako zalaparta sortzen ari duen egitasmoak, español osasun publikorako erakundea bera ere ausartu da legea sadismo hutsa dela erraiterat. Aburu ikerketa guziek diote españolen % 55ek gauregungo legea sustengatzen dutela, soilik % 37ek sustengatzen dutelarik PPko gobernuaren egitasmoa. Klase politiko osoan PP arrunt bakartua eta zokoratua gertatzen da. 2011an podererat etorri geroztik, sekulan ez du lege proiektu batek gisa hortako ihardokitzerik ezagutu. Alderdi politiko guziak erabat asaldaturik dira lege proiektu horren kontra eta denek diote bozkatua balitz, Espainiak 30 urteko punpia egin lezakeela gibelerat, jakinez 1985ean bozkatu zela azken abortoaren legea Zapatero lehen minixtroaren garaian…orduko eskuinaren botoekin gainera!
Kontserbadoreen gogortzea
Ez da dudarik, ondoko aste eta hilabeteetan manifestaldi erraldoiak aintzinikusiak direla Espainia guzian, jauzi kontserbadore horren ozenki salatzeko.
Ruiz-Gallardon justizia minixtroak polemika gogorrak berpiztea soilik lortu du, alta polliki polliki pasioneak itzaliak zirelarik azken aborto erreforma geroztik. Espainia geroztik, Europako beste hainbat erresuma bezalatsu lerrokatua da, haurdunaldia nahitarat gelditzea legez onartutzat delarik. Egitasmo berri horrekin haatik, Espainia, Polonia eta Luxenburgorekin batera izanen da, nun abortoa legez osoki debekatua den.
Kontserbadoreen gogortze horrekin, libreki abortatzeko eskubidea zangopilatzeaz gain (orain arte ahal zen abortatu haurdunaldiko 14. astea arte), bainan hemendik aintzina traba ainitzez gehiago izanen da. Abortatzeak presondegiraino eramaiten ahalko du edozein emazte ! Abortatzeko eskaera soilik bi kasuetan egiten ahalko da : bortxaketa baten ondotik edo osasun fisiko eta psixikoa larriki lanjerrean izanen direlarik, mediku froga sakonen medioz. Pentsa, umegaiaren malformazio frogatu bat ere, ez da nahikoa izanen abortatzeko baimena lortzeko ! Azken « berrikuntza« , eta ez ttipia : aipatu bi baldintza horiek ontzat emaiteko, edozein emaztek beharko du bi mediku ezberdinen onirritzia lortu. Jakina prozedura hori guzia luzea izanen dela administratiboki, traba horiek beraiekin dakarten etsipen eta desesperazio guziekin.
Erran daiteke, orain arteko legediarekin nehor ez zela bortxatua abortatzerat, lege asmo berriarekin emazte ainitz bortxaz haur ukaiterat itzuliko direlarik. Gisa hortan PPko gobernua nahitarat nahasten ari da moral publikoa eta pribatua.
Molde patriarkal bezain hipokritan jokatuz Alderdi Popularrak iskanbila harrigarria sortzen ari du jendartean, bainan bere botoemaile ultrakontserbadore eta erradikalena pozik dago, baita alabainan eliza katolikoa, kasik bere osotasunean. Alabainan, aspalditik lege asmo berri hori, español eliza katolikoaren katixima eta prediku ofiziala bilakatua zen ozenki. Aspaldi huntan Rouco-Varela kardinal buruak goraki aldarrikatzen zuen gisa hortako bihurgune integrista eta dogmatikoa. Beretzat lege berria « erabaki historiko » bat izanen da eta azkenean “sortuak ez direneri bizitzarako eskubide absulutoa” emaiten du.. ! Funtsean ildo beretik jorratzen ari da ere Baionako Aillet azpezpiku « moderno » eta komunikatzaile fina… Berriki Ailletek zion prediku batean “umegaien bizitzarako eskubideak, kreazio dibinoaz dugun konzeptuarekin bat egiten du eta legean oinarritua izaitea izan behar dugu helburutzat”.
Helburu dogmatikoa
Duela zenbait hilabete, Europako 700 goi mailako ginekologoek izenpetu dute manifestu bat, nun azpimarratzen zuten edozoin umegai malformaziodun bortxaz biziaraztea zentzugabekeria larria dela. PPko Ruiz-Gallardon minixtroak dio ofizialki, lege berriaren helburua dela abortoen zenbakiak apalaraztea. Alta, argumentu hori aditu ainitzek baztertzen dute erranez, alderantziz gauregungo legediarekin direla emeki emeki abortatze operazioak ttipitu. Dudarik ez da, soilik helburu dogmatiko bezain ideologikoa duela eskubide gibelkada horrek.
Aditu ainitzen beldurra da, Espainia iraganean bezala, klandestinitaterat kondenatuko duela aborto lege berri horrek. Legedia berriak soilik ahalbidetuko du emazte ahaldunenak edo aberatsenak Europako beste erresuma batetarat joaitea abortatzeko, 80 eta 90 hamarkadetan gertatzen zen bezala; denbora berean ahal gutiko emazteek soilik klinika klandestinoen “hautua” izanen dutelarik, legalitatetik aparte,ahalgez , beldurrez eta inpotentziaz josirik.
Badirudi halere, lege asmo horrek mail gorako ihardokitze zorta eragingo duela Espainia guzian, eta agian inguruko erresumetan ere. Protesta horiek guziak aski izanen ote dira Madrileko kongresuko diputatu ultraeskuindarren xedea gelditzeko ? Badirudi zoritxarrez kronika beltz horren epilogoa jada idatzita dutela.