Sartze on baten egiteko beharko da indar egin!!
Ekain undarrean sukaldea utzi ginuelarik egoera ez zen dirdiratsua, bainan bon oporrak ziren. Etengabeko larrazken, negu eta udaberri euritsu batzuetarik ateratzen ari ginen… Aireztatu behar ginuen.
Bainan orai agorrila bukatu da, berriz lanean hasi behar dugu eta egoera konfirmatu da…iguzkiak ez du deus konpondu:
- Bake prozesua beti panan dago; Espainiaren probokazioek segitzen dute, Frantziaren kolaborazio ixilak ere.
- Iparraldean Lurraldearen galdea oso-osoa gelditzen da zalaparta ainixko izanik ere.
- Seaskak sartzea eginen du egoitza berrien egiteko ahalik emanen zaionetz jakin gabe.
- Bakotxak egoitza plantako baten ukaiteko eskubidea ukan dezan ere beharko da borrokatu….eta abar luze bat.
Gero xantza bat badugu. Heldu den urtean herrietako hauteskundeak ditugu. Holakoetan lortzen da usaian baino gauza gehiago zonbait bozen truk!
Dena-den huna oinarrizko errezeta; gero badakizue bakotxaren gostuen edo ahalen arabera, osagaien kantitatea alda daitekela. Eman dezagun:
– kilo bat nahikari
– 800 gr. inoxentzi
– 500 gr. amets
– 500 gr. elkartasun
– 400 gr. xantza
– 300 gr. errokeri
Hauek denak nahasi eta ahal bezain luzaz utzi labe epelean diote batzuek. Edo…labe bero-beroan, bainan denbora gutti utzi orduan diote beste batzuek.
Badakizue beti berdin da; bakotxak egin beza nahi duen bezala bainan egin beza!