Jenofa Berhokoirigoin – Argia.eus
Donibane Lohizuneko Adam makarroien enpresa ezagunaren jabea da eroslea. Elkarretaratzea burutu dute bere denden aitzinean, baina saltokiak itxirik kausitu dituzte, protestaren berri ukanik ateak lehenago itxirik jabeak. Astearteaz geroztik dabiltza Senpereko etxea okupatzen, salmenta espekulatiboa salatzeko. 1,3 milioi eurotan erosi nahi ditu egoera txarrean den etxe bat, zazpi hektareako laborantza lurra, bi hektareako urmael bat eta oihan eremu zabal bat.
Ekainaren 27an abiatu dute okupazioa Lurzaindia fundazioak, ELB sindikatuak, Ostia kolektiboak eta senpertar talde batek, etxebizitza eta laborantza lurren salmenta espekulatiboa geldiarazteko xedez. Senperen, 1,3 milioi eurotan salgai dira egoera txarrean den etxe bat, zazpi hektareako laborantza lurra, bi hektareako urmael bat eta oihan eremu zabal bat. Orduz geroztik, jendea dago bertan, gau eta egun eta aterabide bat adostu arte egoteko determinazioarekin segitzen dute. « Hasieratik laborariak eta laborari ez direnak batzen gara, interesgarria da », dio Martin Lemaire Lurzaindiako laborariak. Egunero dabiltza asanbladetan biltzen, borrokari eman beharreko segidaz erabakitzeko.
Donibane Lohizuneko Adam makarroi enpresa ospetsuaren jabea da eroslea. Bere jarrera salatzeko eta arazoaren berri emateko elkarretaratzea burutu dute ostegun honetan berrogei bat lagunek, hiri horretan dituen denden aitzinean. Protestaren berri emana zuten aitzinetik, eta parez parekoa saihesteko asmoz itxi zituen dendak jabeak.
Otsailean ukan zuten salmentaren berri eta orduz geroztik, elkarrizketaren bidetik espekulazioa geldiarazteko saiakeretan aritu ondoan, azkenean okupazioa abiatu dute, egoera desblokeatzeko asmoz. Laborantza lurren kudeaketaz arduratzen den SAFER egitura prest agertu zen erosteko, baina, aurreikusi bezala, jabego osoa erostera behartu zuen jabeak. Prezio horretan, erostea ezinezkoa zaio SAFERari.
Akta pribatua izenpeturik
Bi aldeen arteko akta pribatua izenpeturik dute eta edonoiz izenpetu dezakete behin betiko saleroste dokumentua. Hori horrela, « presiorako » tresnatzat dute okupazioa protestan direnek. « Izenpetuz gero, kanporatu beharko gaituzte, denek jakinen dute Adam etxeak senpertarrak, Ostia-ko herritarrak eta laborariak kanporatzen dituela« , dio Martin Lemaire Lurzaindiako laborariak.
Izenpedura bilketa abiatu dute okupatzaileek, bide horretatik ere eragin nahian:
Oraingoz ez dute saltzailearekin zuzenean hitz egiten lortzen, notarioa dute erdian mezulari gisa. Lemairek dioenaz, Senpereko herriko etxeak ere aterabide bat nahi luke bide legaletatik atzeman.