Sivens-eko urtegiaren aurkako mobilizazioak bihurgune dramatikoa hartu du 2014 urriaren 15ean Rémi Fraisse militante gaztearen hiltzearekin. Bazen zenbait ilabete Testet-eko ZAD-a (zone à défendre) okupatua zela eta egunero borrokak bazirela jendarma mobilekin. Lekuko batzuek zioten gertatutakoa iragarria zela hain baitzen giroa laztua jendarmen heinez kanpoko egiteko moldeen gatik. Obrak hasiz geroztik ZAD-eko militanteek hainbat ekintza bazituzten eginak oihan aurtikitzearen eta lur azalaren kentzearen oztopatzeko.
Urtegi horrek 40 hektare lur ito beharrak zituen 30 laborariri ureztatzeko manera emanez. Hortarako proiektuaren aurrekontua 8,4 milioi eurokoa zen. FADER-ek (Fonds Européen agricole pour le développement rural) horrek bi milioi ekartzen zituelarik. %100 diru publikoa! Ekintza pribatuarentzat.
Lurralde hortan jadanik badira 185 urtegi ttipi. Laborari gehienak jadanik moldatu dira daukaten urari. Bainan bada beti gehiago nahi duten zenbait eta Tarn-et-Garonne eskualdean egiten den bezala, Testet-eko aldean batzuk arto hazitakoa garatu nahi dute diru iturri ederra ikusten baitute ekoizpen hortan. Harrigarriena da behi meheen garai huntan oraino batzuk gisa hortako proiektua lantzea. Geroztik jakin da ederrik!
Ekologiaren ministeritzak eskatu txosten baten arabera “anomalia” ikaragarriak badira proiektu hortan :
• ingurumenari buruzko ikerketa obra egileak berak egina du,
• Tarn-eko kontseilu orokorreko lehendakari sozialista den Thierry Carcenea beti ukatzen ari da edozein eztabaida kontradiktorio,
• ur beharren estimazioa gain baloratua izan dela,
• Fadear-en diru ekarpena ez litaikeela batere segurra obra horren izaitea beraren gatik besteak beste.
Beraz, horiek hola zer? Ekaitz mediatikoaren erdian entzun ahal izan diren prentsa tituluek laburbiltzen zituzten bi egoera, bi ikusmolde isladatzen dira. Barrage de Sivens : “un mort pour un projet inutile” edo “une mort inutile pour un barrage utile…”
Joan den astean oraino Fnsea-k eta hautetsi ainitzek manifestaldi bat antolatu dute “beren” proiektua defendiatzeko.
Proiektua bultzatzeko Tarn-eko laborantza ganbarak aho batez aldeko botoa eman zuen, Confédération paysanneko bi ordezkariak haatik ez ziren planoan azaldu.
Ekologia ministeritzak aldi huntan zer eginen du obrak mementoko geldiarazi ondoan? Fnseako hautetsien lobbyak lortuko ahal du bere leloaren egiaztatzea. Laissez-nous produire, laisser irriguer, laissez nous faire n’importe quoi… Payez et laissez-nous faire ! LGV edo AHT-ren kasuan bezala hemen froga bat gehiago badugu Sivens-ekoan administrazio bideak, instituzio bideak ez direla nahikoak funtsgabekeria batzuen aintzinean. Herri mobilizazioak hemen bezala edo zenbaitzuenak han bezala behar direla alerta emaiteko, kontrapodere gisa aritzeko. NDDL-en bezala, 1.000 behien kasuan bezala, Rémi hortako hil da.
Zorigaitzez hortaraino heldu behar izan da.