Tartaro
Larrazkeneko giro batean sartzen ari girela eta, Ipar Euskal Herri honetan ere izanen da zer egin. Instituzio gaiaren inguruan, Iparraldearen ber-antolaketari buruz, uztailean prefetak egin zituen proposamen batzuk, lurralde erreforma dela eta. Honen berri ukan eta, gogoeta eta eztabaidak hasi ziren, udako giro honek geldiaraz zituenak, dudarik ez da sartze politikoa dela eta berriz bazterrak piztuko direla.
Batera plataformak Euskal Herriko Lurralde Kolektibitate baten galdea beti mahai gainean du, frantses Estatuak mespretxuz baizik ez du erantzun. Iparraldeko delegazio bat errezibitu baldin bazuen ere, ez du iñoiz afera hau behar zuen bezala kudeatu, sekulan ez da izan ministro baten bisita gai horretaz, hemengo agintari eta elkarte arduradunekin hitz-egiteko. Alta, Uztail hastapenean ikusi dugu Marylise Lebranchu, deszentralizazio eta funtzio publikoko ministroa, Korsikako Asanbladan bizpahiru orenez hango kontseilariekin eztabaidatzen.