Bizi mugimenduak, “De la transition à la métamorphose – Trantsiziotik metamorfosira” bere 2020-2024 bide orria argitaratu du joan den urte bukaeran. 2020ko azaroan gauzatu Biltzar Nagusi Estrategikoak burutu du Maule, Ziburu, Donibane Garazi eta Baionan gaindi iragan den eztabaida, gogoeta eta trukaketa aberatsez osatuko 6 hilabeteko prozesua. Jarraian Biziko kideek eginiko hainbat emendakinez aberastua izan den 2020-2024 bide-orriaren ezaugarri nagusiak.
Azken lau urteotan historia lasterragotu zaigu klima, gizarte justizia eta lurraldearen aldaketari lotu gaietan. Garai mugikor honek erronka bikoitzaren aitzinean jarri gaitu: egunerokoak eskaintzen dizkigun aukerei heldu eta luzerako lanak ez uzten jakitea. Bizik bere “Sustraiak eta Hegalak” 2016-2020 bide-orriko helburu gehienak betetzea lortu du, betiere egunerokoak ekarri dituen gai berriei erantzuten saiatuz.
2009ko ekainean sortua, Bizi! 20 kidetik 700era pasatu da (4 urtez +%61). Mugimendua egituratu da lan talde eta tokiko taldeetan (Xiberoa, Baxe-Nafarroa, Hego Lapurdi, etab.). Parte hartu du lurraldeko beste hainbat aktoreren ondoan, Ipar Euskal Herriko hainbat alternatiba zehatz eta iraunkorren sortzean. Konduan hartua den eta garaipen zehatzak lortzen dituen tokiko aktore bat bilakatua da, horren bidez bere ekarpena egiten du trantsizio ekologikoaren arloko tokiko alternatiben ekosistemaren sendotzean.
Duela urteak mailukatzen duguna, beti aktualitatean da, 5 urte COP21a eta Pariseko Akordioa eta gero. Klimaren borroka, borroka guzien ama da, eta orain jokatzen ari da: nahiz eta saihestezinak diren fenomenoak orain martxan diren, hamarren bakoitza inportantea da, izan ere, +1,5°C-ko mundua, +3°C-ko mundua baino guttiago piesago izanen baita. Hein guzietan jokatzen da: nazioarte mailan, Estatuen eredugarritasuna bultzatzeko eta egiazko justizia klimatiko baten plantan ezartzeko; frantziako Estatu mailan gobernua herritarren bozaren entzuterat behartuz eta sistema jasangarri bateko lehen gidamarkak izan behar luketenak ezarriz; tokiko mailan, gure lurraldea itxuraldatuz, eta bertan demokratikoki antolatzeko, berotzeko, mugitzeko, elikatzeko, besteei harrera egiteko…. beste molde batzuk esperimentatuz.
Datozen 4 urteentzat erronkak
-
Lurraldearen metamorfosi ekologiko eta soziala zehatza bilakarazteko ekarpena, martxan diren alternatibei sustengua ekarriz eta Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeen Herrien eta Hirigunearen mailako engaiamenduen jarraipena eginez.
-
Masa mugimenduaren eraikuntza, alternatiben aitzinean emaitearekin bai eta ere agertzen ahal litaizken klima suntsitzaileak diren proiektuei erresistentzia egitearekin.
-
Jadanik martxan diren hainbat proiekturen jarraipena, bereziki mugikortasunaren eta etorkinen gaiaren arloko sentsibilizazioa. Baina ere ekintza eremu berri batzuren abiatzea, etxebizitzaren eta digitalaren arloan.
“De la transition à la métamorphose – Trantsiziotik metamorfosira” 2020-2024 bide orria sarean eskuratzen ahal duzue oso-osorik.
Klima eta justizia sozialaren arloan ari den elkarte altermundialistak gomitatzen ditu bide orri honekin bat egiten duten guziak mugimenduari juntatzera, elkartearen ekintza sustengatuz eta indartuz...Trantsiziotik metamorfosira pasatzeko tenorea da eta.