Lucien Etxezaharretaren lekukotasuna, 2021eko maiatzaren 7an:
Hitzaren hartzea, hunkituak eta penatuak zirezten erdian neke zait, bainan ohore bat ere, hemen bilduak eta etorri ahal ez direnen izenean, zuri eta zutaz hitz batzuen erraitea.
Gure artean maitasun hitz gutiegi entzuten da, eta ez da laket pentsatzea heriotz baten ondotik baizik ez dela hori gertatzen.
Ez zaitut hain hurbiletik ezagutu eta gainera –beti bezala- zure misterio zerbaitekin joaiten zara, bainan zurekin bizi eta senditu ditudanetaz onartuko dituzu agian solas hauek.
Guti agertzen zinituen sendimenduak…, gizon ixila, umila, zinela, bai, egia erran hori sobera estimatua izan da gure kulturan. Bainan zure isiltasun hori ez zen apaltasunaren marka. Agertu duzu sindikalista bezala eta zure bidea zilatuz, landuz eta jorratuz, zureari jarraikiz. Lan ofizialean eta lan isilean.
Euskara ardatz izan duzu, ofizioz alde batetik, bainan ere euskal kultura orratuz, eta alabainan hemen euskal irratigintzari eman diozun esku kolpea – erran behar nuke hobeki gorputzez eta gogoz eta denboraz eta diruz euskal uztarriarekin euskal golde nekearen aintzinaraztea.
Errepikatuko dut, nolaz ez, meza ondarrean, fruituetarik ageri dela arbolaren balioa. Eta zure fruituak han eta hemen bizi dira, eta iraunen dute. Erran dezadan fruituak ukaiteko behar zela hazia erein lehenik, eta prestatu geroa.
Goxo zait oroitzea Gure Irratiaren hastapen horietaz eta nolako ekipan ari izan zinen, Manex Pagola bat, Piarres Xarriton, Arño Larralde joanak direnekin, eta hor den Xipri Arbelbiderekin. Ikusi zintudan lehenbiziko aldiz Heletako Bizkaian zuzendaritzako bilkura batean, hor langile bezala hartu ninduzuten. Talde hortakoak bezala ni ere ideia —eta bilo..— harroekin nintzen, segur puska bat ameslari ginen, bainan baginuen errabia hori euskarazko egitura baten altxatzeko eta biziarazteko.
Ontsa oroit banaiz ez zinen orduan biziki mintzatu, eta zure ziurtasunaren indarra senditu nuen, partekatu duzuna luzaz Joset Oxandabaratz azkaindarrarekin.
Beti segurtasun horrekin ikusi zaitut, ziniola diruaz gu ez ginela griñatu behar, zure afera zela. Dirugintzaren horren zama hain estrategikoa izan duzu urte frangoz, besteak beste jendeak konbertituz hilabete oro diru piska bat emanez errekatxoa ibai bilakatuko zelakoan.
Norbaitek, behar bada, erranen du egun batez nola gure pagatzeko mirakulua lortzen zinuen… aipatua izan da hilabeteko jornalak zure sakelatik osatzen zinuela batzuetan…
Eta Barbier poetak zion bezala urte ainitzetako elurra zaizu gelditu eta azkenik ikusi zintudalarik, ttipi ttapa kurri zinen San Leongo bide kurutzetik Baiona hiri erdiraino. Ez zinen mintzatzen ahal eta itxura etsitu batekin zinion nonbait hola zela eta ezer ezin eginean zinela…
Norbaiten barnearen ezagutzea ezinezkoa da bainan, Txomin, onartzen baduzu, oroitarazi nahi nituzke zurekilako bi solasaldi.
Aljeriako gerlak biziki zauritu zintuen, hemengo soldado ainitz bezala, gainera informazio zerbitzuetan sartua zinduten eta itsuskeri zernahi ikusi zinituen. Egun batez, zure parrean agertu zen gazte bat eta ari zinen iheslarien fitxa batzu ikertzen eta konparatzen eta ezagutu zinuen zure aintzinekoa militante bat zela, eta hor haren bizia eskutan zinuen. Alegia deusez utzi zinuen joan zedin. Jakin du sekulan, bizia zor zauntzula?
Bestaldi batez soldadoek hil zuten gazte batean kaier bat harrapatu zinuen, eta irakurtu: idatzia zuen mendian zela eta ikusten zituela han, urrutian, hiriko argiak, eta egun batez hiri libro hortan sartuko zela, segurtamena zuela. Argi horren bila zu ere ibili zinen.
Egun, Txomin, betiereko argi hortan sartzekotan zira, hauts bilakatuko zirela, bai, bainan izarren hautsean, eta hortik bizigai, bizia berriz sortuz betierean.
Milesker Txomin eman dizkiguzun hazien gatik. Gora Txomin!
Enbata.Info-ko lekukotasuna, 2021eko maiatzaren 4ean:
Dominique Heguy adiskidea zendu da.
Euskal Herriak eta euskalgintzak bidelagun zintzoa galdu dute. Bizibidez irakaslea, Martta bere bizilagunarekin batera, euskararen zerbitzari izan da Dominique betidanik.
80. hamarkada hastapenean Gure Irratiaren sortzaileetarik izan zen. Ondotik, urte luzez, Gure Irratia kudeatzen duen elkartean lanean aritu zen, idazkari, diruzain eta lehendakari lanetan. Gizon argia bezain diskreta, bipila eta ernea bezain lasaia, Dominiquek ez zuen sekula bere burua besten gainetik ikusi nahi. Euskararen aldeko langile porrokatua, orenak eta harat-hunatak nehoiz neurtu gabe, Iparralde hontan euskarazko bitartekoen sortzean eta hedapenean beren marka utzi duten militante horietarik izan da Dominique. Zinezko engaiamenduko gizona, egiazko adiskide ona.
Gure doluminik zintzoenak Martta bere bizilagunari, alaba eta semeeri.
Goian bego.