Euskaltzaindiako Plazaberri sailan, Jean-Louis Davant euskaltzain emerituaren artikulua.
Dominique / Txomin Peillen joan zaigu 90 urteetan. 1932an sortua Parisen, gurasoak zuberotarrak zituen, haatik frantsesez hazi zuten. Euskara bere baitarik ikasi zuen gaztetan Ibinagabeitia bizkaitarrari esker. 1964an esposatu zuen Normandia-Percheko Marie-Thérèse Olivier anderea, gaur alarguna. Haurrik ez dute.
Biologiaz irakatsi zuen 22 urtez Paris aldeko lizeo batean, gainera euskaratzaz 12 urtez beste lizeo batean. 1982an, Baionan plantatu zen, opor egunak iraganez Urdatx Santa Grazin erosiriko etxean. Euskal gaietan irakasle aritu zen 15 urtez, Aturri aldeko unibertsitatean.
Gaztetik idazle poliglota eta polifazetikoa dugu, euskaraz nagusiki (zubereraz, gipuzkeraz eta gero batuan), bereziki eleberrian, saioan, olerkian, eta jakintza desberdinetako gaietan. Berrogeita zenbait liburu agertu ditu euskaraz, hiru frantsesez, bat gaztelaniaz; zenbait ehun artikulu mardul eta sakon, batzuk ingelesez edo gaskoi-okzitanieraz.
Aljeriako gerla denboran soldaduska han egina zuen erizain karguan, eta pazifista bilakatu zen abertzalea izanarren. Hemen, Eusko Alkartasuna alderdian jardun zuen.
Euskaltzain osoa 1988tik Piarres Larzabal zenaren ondoko, euskaltzain emeritu bilakatua 2017an, Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona saria ukana 2009an.
Goian dagoela Txomin, eta doluminak familiari, Euskaltzaindiari, Zuberoa Herriari.
Ibiakoitz goiz huntan jakin dugu Txomin Peillen Karrikaburu idazle eta euskaltzain osoa kanbon zendu zela 90 urterekin. Parisen sorturik 1932an, Euskara galdu zuen eta gaztetan berreskuratu. Erroak eta gogoa alan Santagrazin ukanik beti, 45 liburu baino gehiago idatzi ukan ditu: poesia, saiakera, nobela, dibulgazioa eta gazteendako literatura landu zituen.
Etnografiaz, hizkuntzalaritzaz idatzi du. Igela aldizkariaren sortzaileetan zen Jon Miranderekin. Aljeriako gerlan berak ikusitakoak ere kontatzen ditu fikzio lan horietako batzuetan. Jean-Louis Davant adiskidearekin mintzatu gira.