Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Jakin nahi nuke nola bozkatu duten ene herriko bizilagunek azken hauteskundeetan. Jakin nahi nuke norekin hartzen dudan goizeko kafea herriko ostatuetan. Ulertu nahi nuke zergatik izan diren emaitza horiek Iparraldean. Ezin dut ulertu eskuin muturrekoen arrakasta gure herri ttipietan. Ez dut ulertzen! Zerk motibatzen ditu bozkatze horiek? Ezin dut pentsatu, ez dut pentsatu nahi lapurtar, baxenabartar eta xuberotarren herena arrazista izan litekeenik. Ezin dut ulertu Euskal Herrian, bere historian migrazioa ezagutu duen herrian, nola immigrazioaren beldur izan daitekeen. Ez dut ulertzen nondik etor daitekeen bestearen beldur hori. Ez hemen, ez gure lurraldean, ez da posible.
« Ezin dut pentsatu, ez dut pentsatu nahi lapurtar, baxenabartar eta xuberotarren herena arrazista izan litekeenik. Ezin dut ulertu Euskal herrian, bere historian migrazioa ezagutu duen herrian, nola immigrazioaren beldur izan daitekeen.. »
Orduan, nola ulertu behar dira bozka horiek? Zer ikusi behar da gibelean? Zer da ibilbidea? Entzuten da Frantziako gobernuaren eta bereziki Macron lehendakariaren ukapen bat izan daitekeela, beste batzuentzat bizi gastuen emendatzea, edo erretreten erreformak baduela zerikusirik ere… Ados. Baina hortarik nola lerratzen da eskuin muturraren alde bozkatzera? Zerk pentsaraz dezake eskuin muturrak ekarriko dituela erantzunak edo aldaketak? Nondik atera behar da ez jakiteko zein diren eskuin muturraren baloreak edo ikuspegiak?
Eskuin muturraren alde bozkatzen delarik gauza guzi horientzat bozkatzen da ere. Eta gaur egun gauza horiek, eskuin muturrak ekartzen dituen ideia horiek ezagutuak dira, ezin da ez jakinean izan. Horrek nau izitzen.
Desbideratze hori dut ez ulertzen. Denbora berean, nola ez azpimarratu gertakaria eta txalotu, Ipar Euskal Herriko lehen diputatu abertzalearen hautestea. Garaipen bat abertzaleentzat, Euskal Herriko boz abertzale bat Frantziako boterearen erdian. Ez da guti! Nola ez egin lotura bat Dominique Joseph Garat 1789ko lehen diputatuarekin: « Ene probintziak protestatzen du! ». Pentsa dezakegu eginen duela.
Garaipen hori posible izan da lehenik ezkerreko indarren biltzearen ondotik. EHBai-ren apustua izan da Fronte Herritar Berriaren parte izatea. Bateratze horrek galderak eta eztaibadak sortu ditu, alde guzietan. Baina egin da. Bigarren itzulian Eusko Alderdi Jeltzalearen postura ohartaraztekoa da. Izan alderdi ezkertiarrekin ala PNV-arekin, gertatu denak ondorio baikorrak izan ditzake. Bateratuz gauzak alda daitezke.
Perspektiba guzi horiekin pentsa daiteke itxaropena sortzen ahalko dela Iparraldeko bozkatzaile geihenetan eta sar hitz honen hastapeneko dudak gainditzen ahalko direla. Konfiantza berri bat sortuko dela etorkizunari buruz. Hori dugu ulertu behar gertatu denari begira.