Hau guzia hortarako, erran daiteke. Ororen buru Kataluniako hauteskundeek aintzinekoen emaitza berdintsuak eman dituzte, españolisten desgraziarako. Batzuek “proces” delakoa zangoz gora geldituko zela amestu bazuten ere, ametsa amets gaizto bilakatu zaie. Hara Kataluniako abendoaren 21eko hauteskundeen ondoko egoeraren azterketa bat.
Behin ta berriz gehiengo argi batek gauregungo statu quo delakoari uko egin dio, azpimarratuz errealitate politiko intituzionala itzulipurdikatu nahi duela. Hau guzia demokratikoki, 155 artikulu madarikatua zokoratuz.
Abendoaren 21eko bozkek gehiengo absolutoa eman diete berriz ere indar soberanisteri. Beren geroaz libreki erabakitzeko ahalmena gai direla kudeatzeko erakutsi dute katalanek Espainia guziari baita Europako erresuma guzieri ere, ber mementoan. Hauteskundeak argiki erakutsi du Rajoyen alderdiaren frakaso harrigarria.
Erakutsi du ere españolismoak eta unionismoak Katalunian badaukala beste izen bat Ciudadanos deiturikoa, eta horrekin kondatu beharko dela ere.
Fase berri bat?
Horiek hola zoritxarrez epe laburreko panorama ez da ilusionagarria. Alabainan 155 artikuluak segitzen du indarrean eta bere aplikapena edo deuseztea soilik Mariano Rajoyen eskutan dago. Pensatzekoa da indarrean segituko duela bederen Bartzelonan Govern berri bat adostu arte. Pentsatzekoa da ere urtarrilaren 23a inguruan gobernu berri independentista batek, bere buru izan edo ez izan Carles Puigdemont, “proces pro Republica Catalana”k fase berri bat martxan jarriko duela. Pentsa daiteke ere Gobern berri batek estabilitate eta iraunkortasun bat bilatuko duela eguneroko gobernabilitate bat segurtatuz. Ez dira baitezpada bi borondate horiek erabat kontrajarriak, denboraren kudeaketa batean eta Madrileri begira ttantto berriak erakusterakoan.
Agian gobernu berri “transbertsal” bat eta gobernu akordio baten inguruan oinarrituak baluke ere itxura zerbait. Norabide hortan ikustekoa litaike zer nolako ahalmena lukeen JxCat (Puigdemont)-ERC (Junqueras)-PSC (Iceta) antolakuntza laboratorioak… Maleruski pentsa daiteke ere prozesu legitimo eta demokratiko horrek erdiz erdi topo eginen duela español trikornio edo trinomio lazgarriarekin: gobernua (sistema konstituzionala), podere judiziala eta establishment delakoa (klase mediatikoa eta ekonomikoa).
Iragan hurbilean ikusi diren urrats judizialak, presondegiratzeak, enpresa deslokalizatze eta 155 artikuluaren (ber)aplikapen mehatxuak tresna erabilgarriak izaiten segitzeko arrisku gorrian dira katalanak.
Europar Batasunak urruneko “confort” batean eta bazkari emanez segitzen dueno pentsa daiteke Espainiak bere betiko bidetik segituko duela. Batasun faltsu bati errabiatuki lotua eta podere zentralista batean oinarritua. Bainan dudarik gabe Ciudadanos alderdiaren gorakada mehatxu bilaka daiteke PP eta PSOE norabiderik gabeko alderdientzat. “Kimera nazionalistak” erabat eta bortizki beharrez (ez soilik Katalunian, Euskal Herrian ere ) baztertzea izanen da Ciudadanos alderdiaren lema bakarra ondoko lehia elektoral guzietan.
Oportunitate berria
Katalunia gauregun iraganeko español estado baten iceberg puntaren punta baizik ez da. Urteetan zehar post frankismoko gobernu ezberdin eta monarkia zahar berritua ahal bezainbat entseatu dira erresumako hainbat populuen edo nazioen autogobernatze eskaera demokratikoak deuseztatzen edo desitxuratzen.
Urteetan zehar post frankismoko gobernu ezberdin
eta monarkia zahar berritua
ahal zen bezainbat entseatu dira
erresumako hainbat populuen edo nazioen
autogobernatze eskaera demokratikoak
deuseztatzen edo desitxuratzen.
2018 urte hastapen huntan Espainiak badauka eskutan oportunitate berri bat. Edo asumitzen du urratska bere barne aldaketa bat hiru erpineko estatu bilakatuz (Espainia, Catalunya eta Euskal Herria), gisa hortan estado konfederal bilakatuz eta ko-soberania bat martxan emanez edo harropuzkeriaz edota beldurrez itorik segitzen du orain arte bezalatsu bere zentralismoa indartuz, bere iragan nostalgikoa, armada indarrak eta monarkia borboia aktibatuz.
Orain Kataluniaren tenorea da. Bihar izan daiteke ere Euskal Herriarena, estado españolarena baita Europarena. Ez dira tronpatu edo beldurtu bozkatzale katalanak. Xinpleki erran dute pentsatzen zutena, sentitzen dutena eta nahi dutena: modelo politiko berri bat ukaitea, auzoarekin eta auzokoekin harreman berrituak estreinatzea. Hala izan bedi.
Urte berri on Catalunya, zorionak!