Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
« Euskara da gure territorio libre bakarra » zioen Joseba Sarrionandiak 1992an argitaratu kartzelako olerki liburuan. Esaldi hori gogora etorri zait Beskoitzeko herriko etxearekin berriki Ikastola berritzeko (edo hobeki erranik eraikitzeko) sortu den tirabirarekin. Sarrionandiak esaldi hori testuinguru berezian idatzi zuen, Beskoitzen gertatzen ari denarekin deus ikustekorik ez zuena. Baina, euskaraz trukatzeko edo sinpleki mintzatzeko territorio libre edo aske bat lortzea euskaldun ororen amets batean edo utopian kokatzen den zerbait da, bereziki Ipar Euskal Herriari dagokionez.
Territorio libre bat non gaztelaniaz zein frantsesez bezalaxe euskaraz zailtasunik eta oztoporik gabe hitz egiteko edo bizitzeko aukera legokeen. Lurralde bat non gure haurrek, guhaurk zein euskaldun orok euskaraz ikasteko, lan egiteko eta bizitzeko hiztun eta herritar gisa dugun eskubidea ez genukeen etengabe urraturik ikusi behar.
Joan den larunbateko manifestaldian, Beskoitzeko ikastolaren aitzinetik pasatzean utopia hori guztiz hankaz gora jartzen zitzaigun. Euskararen normalizaziora heltzeko oraindik bada asko egiteko gure herri honetan Ipar zein Hego euskal Herrian, eta hori euskaldun orok badaki. Baina, amets horrek oztopo asko gainditu behar dituela baldin badakigu, gure egoerak hozka bat gora eginen duela esperantzarekin bizi gira, edo bizi nahi dugu.
Beskoitzeko ikastolan egunero hizkuntza lantzen eta ikasten duten 51 ikasle horien egoerak orain dela berrogeita hamar urte gutariko zenbaitzuek bizi izan genuena gogora ekarri dit hain zuzen ere. Ikastolak irekitzen hasi berri zirela, haurrek, algeco edo eraikin zahar batzuetan sarturik, hola edo hala euskararen irakaskuntzari eutsi zioten gure hizkuntzari « arnasgune » berria edo « territorio libre berri » bat eman nahian.
Ikasleek baino hobeki erran beharko genuke gurasoek. Ez baitziren segurki garai hartan ikasleak eskola haietan egiten zutenaz ohartzen. Izan ere, gure gurasoek, hautu hori eginez, euskarari bidea urratu zioten zabalgune berri bat izateko gure Ipar Euskal Herri honetan. Eta irakaskuntzaren aldetik, ikastolek ireki zuten ate horrek eskola elebidun publikoetan eta pribatuetan sail elebiduna eta berrikitan murgiltze eredua zabaltzea eragin zuen, euskarari hedapen berri bat emanez, helburua baita, erran bezala, euskararentzat arnasgune, territorio libre edo normalizazio bat lortzea. D eredua edo murgiltze eredua da gaur egun gure hizkuntzaren gutieneko transmisio bat segurta dezakeen eredu bakarra. Murgiltze eredua eskola publiko zein pribatuetan guziz normalizatua ez den heinean (hori izan behar baita helburua), ikastolek rol handi bat izaten jarraitzen dute hizkuntzarentzat ezinbesteko arnasgune horren sorreran.
Baina gaur egun orain dela berrogeita hamar urteko irudi berbera ikustea tamalgarria zein mingarria zaigu.
Beskoitzeko herriko etxetik zabaldu den agirian irakurtzen da « nous sommes respectueux de notre patrimoine, de la culture basque et de l’euskara« , beste hainbat agintarik dioten bezala. Haien erranak ez ditut hemen zalantzan jartzen, baina, zinezko errespetu hori euskarak ezinbestekoak dituen baliabideen bidez pasatzen da, eta horietariko bat da hizkuntzaren irakaskuntzaren aldeko erabaki politiko indartsuak hartzea. Eta erabaki politiko hori ez hartzeko, onartezina da mendekuaren itxura duen « hitza hitz » soil baten aitzakia jartzea. Zoritxarrez Beskoitzen gertatzen dena gaur egun euskarak bizi duen adibide bat baizik ez da: nahiz eta gure hizkuntzaren alde urrats asko eman diren, oraindik urrun gira gure ametsetako territorio librea lortzetik.