1993-an sortu zenetik, Via Campesina, laborari ttipi, laborantza langile, kanpainetako emazte eta mundu osoko jatorriko komunitateen mugimenduak bateratzen dituen erakundeak bere lehentasunak eten gabe defendatzen ditu: hazkurri burujabetasuna eta nekazari ttipienganako errespetua. Via Campesinak bere 7. konferentzia Derion ospatu berri du. 500 ordezkariren presentziarekin. « Hain jende eta kultura desberdinetako gizon emazte horiekin arrunt hurbil senditu naiz, familia berekoa bezala. Ni bezala, laborariak ziren. Ni bezala sindikatu batean inplikatuz, gauzak alda ditaizkeela sinesten duten gizon emazteak. »
“Gure herriak hazten ditugu eta mugimendua eraikitzen dugu mundua aldatzeko” : Derio, Bilbo ondoan, joan den uztailean, la Via Campesinaren zazpigarren konferentziaren idekitze zeremonia. Gure Bizkaiko EHNE sindikatuko lagunek antolatu dute konferentzia hori.
Mamia aipatu aintzin, forma aldetik zinez gure eskuzartak merezi dituzte Bizkaitarrek! Badakizue zer den lau urtetarik antolatzen den Konferentzia hori? Gure planeta huntako bost kontinenteetarik etorri 500 bat delegatu errezebitzea, aterbetzea, eztabaidak bideratzea, bost kontinente horietan diren hainbeste herrialdeetakoak, hainbeste hizkuntzen artean itzulpenak egitea, jendeak elgar entzun dezan, gero eztabaida dezan eta azkenik zerbait amankomun atera dadin elkarrizketa horietarik. Ene bizian ez nuen sekulan holakorik ikusteko xantzarik ukan orai artean. Egun batez ikusi ditugu gure inguruan ipar Europako kasko zuri zuri batzu, Indiako erdi beltzak, Zimbabueko arrunt beltzak, Ameriketako ipar, erdi eta hego aldeko hain jende desberdina. Artetik erraiteko Txileko emazte batekin naiz gehienik elekatu. Hunek alabainan senarra zuen Umialde izeneko bat. Duela aspaldi hemendik joan Euskaldun batzuen arra semea. Orduan untsa kontent ginen gure emigranteak nunbait onart zitzaten.
Famila berekoak ginen
Hori guzia erraiteko hain jende eta kultura desberdinetako gizon emazte horiekin arrunt hurbil senditu naizela, familia berekoa bezala. Ni bezala, laborariak ziren. Ni bezala sindikatu batean inplikatuz, gauzak alda ditaizkeela sinesten duten gizon emazteak. Entzun ditugun hainbeste lekukotasunak hari batek lotzen zituen. Ama Lurraren zaintzeak, justizia goseak, fatalitatea borrokatzeak duintasuna emaiten diola burua altxatzen duenari.
Mexiko edo Brasilen, laborari bat lapina bezala garbitzen dute, oligarkia ta mafia batzuen kontra burua altxatzen badu. Bixtan dena egoera batzu zinez muturrekoak direla bainan han bilduak ginen guziek esperantza berdinak ditugu. Hemen edo han, han edo hemen, laborantxa familiarrak, hein pollitekoak, jendearen heinekoak, duela jendea ase mendez mende, populuak eta baserriak biziarazi !
Guk ELBtik hemen eta Via Campesinak planeta mailan borrokatzen duen agroindustria hori fenomeno edo gaitz berria da oraino eta ez da fatalitatez onartu behar.
Milaka etsenplu badira munduan zehar erakusten dutenak beste bide batzu badirela, berriz iturrirat itzuli behar dugula: plazerra emaiten duen bizimolde batetarat, iraunkortasunerat, jasangarritasunerat…
Beste gauza bat arrunt: gaur goizean Irati soron, Bortuaren egunean izan niz. Han ikusi ditut laborari artzain gazte gazteak buru beltzan sinesten dutenak eta ikastolako burraso gazteak euskaraz bizi ditaikela sinesten dutenak. Dena lotua da. Penser global, agir local. Via Campesinak dio “Globalisons l’espoir” !