Horra ohar batzuk, tarteka, Baterak heldu den azaroaren 30ean deitu manifari buruz entzuten direnak:
- « Ze oraino manifa bat? Bhoo… Beti karrikan gira eta ez da deus aitzinatzen! »
- « Bo urrun da Maule! »
- « Ze beste hautetsi frantses horiekin manifestazio batean… jah…! »
- « Ni abertzalea naiz eta lehentasuna independentziari emaiten dut! »
Noski ohar guziak kontutan hartzekoak direla.
Zergatik Maulen izan behar den?
Iparraldea instituzionalki ezagutua izaiteko
Abertzale bezala, Euskal Herriko Lurralde Kolektibitate bat, lehen pausu bat baita Euskal Herriaren ezagupenerako. Iparraldea ez baita instituzionalki ezagutua!
Harri kixkor bat baita Akitaniako Eskualdeari begira, departamenduko populazioren ez arras erdia Euskal Herrian bizi bada ere, ez dugu aski indarrik Kontseilu Nagusian. Euskadiko Autonomia Erkidegoak, edota Gipuzkoako Diputazioak, adibidetzat hartuz, ez dute Iparraldean instituzional mailan solaskiderik ez baita egitura ofizialik! Beraz, lehen urrats bezala, ezin-bestekoa da instituzio baten sortzea, eta horretarako abertzaleek indar guziak eman behar ditugu.
Hauteskunde barrutiek Iparraldea errespeta dezaten
2015ean, departamenduko hautetsiak bozkatuko direla eta, entzuten dugularik kantonamenduen karta berriz moldatua izanen dela, euskal eta biarnes lurralde batzuk nahasiz, abertzaleen botoa ahularaziz, Lurralde Elkargo bat baginu ze litzateke Iparraldearen kudeaketa politikoa? Nork luke gehienik irabaziko? Abertzaleek, ikusiz azken legebiltzarreko hauteskundeetan, EHBai, hirugarren indar agertzen dela. Beraz abertzaleek indar guziak eman behar ditugu Mauleko karrikak beteak izan daitezen !
Azkenik, aspaldiko urte hauetan instituzioaren galdea mahai gainean dago, emeki-emeki, frantses alderdi batzuetako arduradun edota hautetsiek bat egin dute, bai eta sindikatu batzuk ere alde agertuz. Bidea luzea baldin bada ere, lortua izan da ez-ustezko aliatu batzuk abertzaleen aldarrikapenarekin bat egitea. Beraz, ez-ohiko batzuk Maulen izanen dira eta abertzaleak etxean, ezin pentsatua!
Pariseko mespretxuari hordago!
Ez duda, denak azaroaren 30ean Maulen izan beharko dugu! Pariseko agintariek erakusten diguten mespretxuari, hordago egiteko!!