Zergatik, kirola egin ondoren dutxatzerakoan, bereziki igerilekuan, emazteak ez dira biluzten eta bainu-jantzia soinean atxikitzen dute… Iparraldean?
Izan ere, Hegoaldeko kiroldegietan ez da hala: gazte, haur edo zahar izanik ere, emazteak, erabat biluzten dira ikuzteko.
Are gehiago, aldagela eta dutxa kolektiboak desagertuz doaz, usuenik banakako kabinen fagoretan. Kultura desberdineko usaiak dira horren gibelean? Alta, iduriz, Afrikako herrialdeetan emazteek partekatzen dituzten bainuetxeetan, arazorik gabe biluzten dira beste emazteen artean. Europa iparraldeko herrietan, gizon-emazteak elkarrekin egoten dira ere gune beretan biluzik.
Ala gizartearen indibidualismoaren garapena ote da, banakako kabina horien ugalketa?
Baina zein ondorio du horrek?
Bururatzen zaidan ondorio kezkagarrietako bat, hau da: ez dugula gehiago « egiazko » gorputzik ikusten. Filmetan, publizitateetan… denetan emazteki eredu bera ageri zaigu mehea eta leuna, egiazkotasunik gabea.
Azkenean existitzen ez diren ereduak ditugu buruan (emazteek ere!).
Deigarria zait Hegoaldean ez dela halakorik gertatzen. Ala ez oraino? Alta, kultura ohiturak aipatzen direlarik, orokorrean dagoen irudia aurkakoa da : biluztasunari buruzko irekidura handiagoa dela Iparraldean. Garai batez bederen hondartzetan « top less« a arrunta zen hemen eta ez han.
Baina hori ere aldatzen doa azken urteetan. Gibelka goazela iduri du: Nudismoa kasik desagertua eta hondartzako bainu-jantziek ez dute ia egiazko titi-poltsarik ere (ez hegoalde, ez iparraldean). Oihal lodituak dituzte titien handitzeko!!! Hor ere irudi moldatua. Saltegietan ere ez da loditu gabeko titi-poltsarik kasik atzematen.
Pentsa dezakezue emaztekien burutazio hutsalak direla hauek, baina uste dut gizarte-eredu baten adierazpen bat gehiago direla.
Saltegietako fruituekin bezala: denak dirdiratsu eta leunak izan behar, negu erdian ere bai! Baina daramatzaten tratamendu guziek eragiten digutena kondutan hartu gabe. Pentsa : zer gertatzen da gero, egiazko fruitu batekin topo egiten dutelarik gazteek???