Oier Oa
Zein ederra den etxea,
bakoitzak badu berea,
zein ederra den
etxean izatea,
etxean sentitzea,
ohartzen zara ongi han ez zaudenean!
Baina badira ere
etxetik urrun ezagutzen dituzun etxeak,
ateak beti zabalik dituztenak,
zuri aterpe emateko,
zu jasotzeko prest dauden etxeak
babesa eskaintzeko.
Han sentitzen zara libre
han sentitzen zara bizirik,
berriro.
Eta zurekin, Grazi,
etxe bat aurkitu genuen guk,
iheslariek
erbesteratuek
borrokalariek
euskaldunek
hangoek
hemengoek
etxe berean hartu genuen aterpe denek.
Xume eta eskuzabal zu
hiztun eta hizlari
irrifarre bat borrokarik gorrienean
umorea euskara eder batean
eta zure bihotza gure egongela,
etxeko zatirik handiena!
Zauritutako bihotzen aterpea zu
diasporakoen sustraia
Iparretarraken borroka justua
Herriak bizi behar du aldarria
Etakideen arnastokia.
Belarri erne bat
hitzen jostun
emakume xume bat
sentibera,
berezia izaiteko pretentziorik gabe.
Ez zinen superheroi
inperfekzioak zenituen
baina horrek egiten zaituzte perfektu.
Euskal Herri zahar honetan zenbat ni bezalako!
hori erraten zenuen,
isilik, anonimo.
Diskretuki
Haien etxeko ateak zabalik
beharra dutenak aterpetzeko
babesteko
Beharrik zu zaudela horiek denak ohoratzeko!
Eta zure etxeko gela guztietan,
Loturak ehuntzen
bakea amesten
askatasuna marrazten
etorkizuna orain dela oroitarazten
elkarrekin
batera
Aurrera.
Zein ederra den etxea,
bakoitzak badu berea,
baina Grazi,
zu zara gure etxea.
Oier eta Grazi
2023ko agorrila