Euskal Herrian badira ekitaldi batzuk, ezin direnak irudikatu Euskal Herri osokoak izan gabe. Ezin da pentsatu Korrika, Bidasoa eta Pirinioak zeharkatu gabe. Ezin liteke pentsa “Bai Euskarari” kanpainan bete ziren futbol zelaien artean ez izatea Iparraldekorik.
Jende frankok harriduraz eta dezepzioz hartu du Gure Esku Dago-k 2015eko ekainaren 20an eginen duen ekitaldia Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan bakarrik egitea.
Itxura guztien arabera, horren arrazoia ez da Ipar Euskal Herria ahantzi edo baztertu izana. Ahalegin batzuk egin omen ziren, baina gauzak ez dira aitzina atera.
Egia da ez litzatekeela biziki egokia Hegoaldean erabakitzea Baionan ere ekitaldi bat antolatzea, Iparraldekoekin adostu gabe.
Baina Iparraldekoen inplikaziorik ez lortzearen ondorioz, Iparraldea ekimen horretatik kanpo gelditzea ez da hobea.
Huts horren arazoa sakonagoa da.
Politika arloan, azkenaldian distantziak handitu dira Hegoaldearen eta Iparraldearen artean. Eguneroko gauzetan ageri da hori: komunikabideetan, erakundeetan, gizartean… Eta zaila da Hegoaldean pentsatzen diren ekimenak, zenbait hilabeteren buruan Iparraldera zabaltzea. Giza katea urruneko zerbait bezala ikusi zen, eta urruntasun horrek segitzen du.
Hego Euskal Herriko agendaren araberako ekitaldi bat delako? Errealitate desberdinak direlako? Ipar Euskal Herritik elikatu da, gehienetan, erritmo desberdinen gaia eta prozesu asimetrikoaren teoria. Hori anitz garatu zen, garai batez Euskal Herriko politika modu zentralizatu batean egiteko gogoa agertu zutenean, batzuek.
Bistan dena, Iparraldean ezin dira gauzak egin Tolosan edo Goierrin bezala. Haatik, beste muturrerako bilakaera gertatu da. Prozesu asimetrikoen ondorioa izan da bakoitza berera eta bere zapaltzaileari begira dagoela. Prozesu asimetrikoek eraman gaituzte agendak arras desberdinak direla sinetsarazteraino.
Ipar Euskal Herrian sekulako indarra lortu da Lurralde kolektibitatearen alde. Giza katea eta Gure Esku Dago? Beste agenda baten parte bezala ikusi dira; Hego Euskal Herriko prozesuaren parte bezala; bazterrak nahasiko omen lituzke, lagundu baino gehiago; Ipar Euskal Herriko agendan ez omen dago independentzia eta autodeterminazioa.
Baina hain agenda desberdinak ote dira?
Gure Esku Dago-ren aldarrikapenetan, argi dagoena da erabakitzeko eskubidearena. Baina zertaz erabaki eta zein izanen den subjektu politikoa, ez da argi.
Hego Euskal Herrian berean, mugimendu politikoa ez da argi mintzo, eta ez da adostasunik ageri. Independentzia? Autonomia zabalagoa? Hego Euskal Herri osoa? EAE bakarrik?
Ipar Euskal Herrian, aldiz, proiektua argi da; urte anitzez landu da, eta adostasun zabala dago. Ipar Euskal Herrian ezin ageriagoa da erabakitzeko ahalmen falta, Frantziako Gobernuak erabakitzen baitu gure partez. Beraz, erabakitzeko eskubidearen gaia nonbaiteko agendan izatekotan, hori Iparraldean da.
Beraz, Ipar Euskal Herriak zergatik sentitzen du Gure Esku Dago urruneko zerbait bezala? Mugimenduaren sustatzaileek badituzte horren ardurak; baina, ardura guztia ez da berea: azken urteetako bilakaera urruntzaileak mugimendu honen oinarrian eragin du. Eztabaida daiteke ea erabakitzeko eskubidea eskatu behar den zerbait den, ala berez dagokigun zerbait.
Erabaki behar dugu Lurralde Kolektibitatearen inguruan ala Frantziak zor digu egitura hori eta hartu behar dugu? Baina horren gainetik, gaur egungo euskal gizartean, erabakitzea eskatzen da. Ipar Euskal Herriarentzat hats berria eta lagungarria litzateke, ekainaren 20ko ekitaldian, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin batera agertzea.
Bakoitza bere erritmoen arabera, bai; baina herri bat garela ahantzi gabe, zubiak hautsi gabe, batasun horrek ematen baitigu indarra.